Gorramendi izenarekin gasna berria merkaturatuko dute Baztanen hilabete honetan

Gurutze PIKABEA 2012ko martxoaren 7a

Ezkerretik hasita, Ibai Etxart salmenta arduraduna, Lourdes Iturbide bazkidea eta Aitor eta Jaime Urrutia anaiak, Amaiurko artzainak. Gurutze Pikabea

Baztandarra Kooperatibak egin zuen gasnategia 25 bazkideren artean erosi dute berriki

Baztandarra Kooperatibak inber­tsio haundia egin zuen 2007an gasnategi berria eraikiz. Baina urteekin ez dela errentagarria ikusi eta saltzea erabaki zuen. 25 bazkidek erosi egin dute gasnategia eta hortik sortu da Gorramendi gasna.

 

Ilusioz eta gogoz. Halaxe hasi du ibilbide be­rria Baztango Gorramendi gasnategiak. Urte hasieran ekin zioten gasnak egiteari, urtarrilaren 3an, zehazki, eta hila­bete­ honen erdial­de­ra mer­katuratuko dute lehendabiziko pro­duk­tua, Baz­tan­go ar­di­ latxa­ren esne gordinarekin egindako gasna, eta naturala, tratamen­durik gabekoa.

Baztandarra Kooperatibak duela lauzpabortz urte eraiki zuen gas­­nategian, Arizkungo Ordoki industrialdean, hortxe du egoitza Go­rra­mendi gasnategiak. Gasnategia kooperatibarena izan da berriki arte, eta hor egin eta kudeatu izan du Baz­tan­goa izeneko gasna. Baina nonbait, gasnategia ez da errentaga­rria izan kooperatibaren­tzat eta galerak eka­rri dizkio, inbertsio haundia egin eta horri buelta ezin emanez ibili baitira. 

Errentagarria ez zela ikusita, gasnategia saltzea erabaki zuen Baz­tandarra Kooperatibak. Erosteko interesatu bat baino gehiago agertu ziren, eta kanpoko industriaren batek erosteko aukeraren ai­tzinean, bertako zen­bait lagunek horri aterabidea ematea pentsa­tu zuten: «pena ematen zigulako kanpoko in­dus­tria haundi­ baten esku gelditzeak», dio Lourdes Iturbide bazkideak. Eta hala, bazkide ba­tzuek Gorramendi SAT Transformazio Nekazaritza Elkartea sor­tzea erabaki zuten. Joan­ den abenduaren 15ean gelditu zen gas­na­­tegia baz­kide horien esku, aitzine­tik bilera bat baino gehiago egin ondotik. Egitas­moa ai­tzi­nera zihoan heinean, batzuk gibelerat gelditu zirela ere kontatu digu Iturbidek.

25 bazkide dira apustu berri honen alde egin dutenak. Elkarteak zor­tzi laguneko batzordea du, eta Pantxo Etxebere amaiurtarra da lehen­da­karia. Hala ere, hilabetean behin eta erabaki potoloak tartean daudenean, bazkide guz­tiak biltzeko asan­bladak egiten dituzte. Hortaz aparte, bi langile kontra­tatu dituzte, Ibai Etxart salmenta arduraduna eta Joxe­mari Etxart­ gasnagilea. Baz­kideetatik be­de­ra­tzi ar­tzainak dira, Orabi­dea, Amaiur, Erra­tzu, Arizkun, Lekaroz eta Beuntza­koak. Tartean daude Aitor eta Jaime Urrutia Amaiur­ko anaiak. Hasie­ra batean, bederatzi ar­tzain horien­ esnea era­bil­tzen ari dira gasnak egiteko. Urtean, gutti goitibeheiti, 170.000 li­tro esne bildu eta 25.000 kilo gasna egitea aurrei­kusia dute, eta neurri aunitzeta­koak: kilo batekoak, kilo eta erdikoak, hiru kilokoak... Egun batean esnea bil­du eta hu­rrengoan gasnak egiten dituzte.

 

Kalitateko produktua

Kalitateko gasna ona egitea dute helburu, eta hortaz, hasiera-hasieratik kontrolak egiten ari dira. Ibai Etxartek azaldu digunez, «astean behin laginak hartzen ditu­gu. Ahal den ezauga­rri gehienak neurtzen ari ga­ra eta artzain jakin bati zerbait goratu bazaio, momentuan zuzentzen saia­tzen gara. Ahalik eta esne hoberena behar du­gu, hori baita gasna ona egiteko sekretua»­.

Gasna on bat egitetik haratago, erronka «soziala» ere badute Go­rra­mendi gasnategian: «hemengo kultura, artzainen bizitza mantentzea eta beraiei prezio duin bat berma­tzea». Izan ere, gasnategia kan­poko indus­triaren batek hartu izate­ra, «esnea prezio lotsagarrian ordainduko liekete artzainei eta bortz urtez ar­tzainen­ erdiak desagertuko liratekeela» uste dute. «Artzain­ haundi batzuk baino ez lirateke geldituko, bakoi­tza auskalo zein arra­zatako mila ardirekin». Ho­rren ordez, «hemengo eko­­nomia hemen geldi­tzea­ren» alde­ egin dute.

Badakite merkatuan lehiatzea zaila izan daitekeela , «gasna aunitz daudelako eta bertze ardi arrazen esnearekin gasnaren ekoizpena aunitz haunditu delako». Gorramendi gasnarekin, ordea, ez dute prezio aldetik lehiatzeko asmorik: «gasna ona egiten saiatuko gara eta bezeroari hori eskaintzen. Gasna horrek badu kostu bat eta ez ditugu, en­presa haundiek bezala, prezioak jeitsiko, gero artzainei ez ordain­zeko. Gasnak bere lana badu. Gure ar­tzainek egunero atera­tzen dituzte belagaira ardiak, udan mendira, gasna hauei egunero ematen diogu buelta...». Alde horretatik, «gasna ahalik eta ge­hien mimatzen saia­tuko» direla azpimarratu digute, «guregandik hasi eta bezeroengana ailegatu bitarte». Bezeroei, berriz, «gasna ba­tzuk ona izate­tik aparte, gibelean ar­tzain­ horien biziraupena eta kooperatibaren lana eta filosofia daudela» erakutsi nahi diete.

Bere garaian, Baz­tandarra Kooperatibak 40 artzainen esnea gasna egitera bideratu nahi izan zuten. Gorramendik, ordea, «mantso-mantso» hasi nahi du, bederatzi artzainekin, eta beharren arabera egokituz. Dena den, argi utzi nahi izan dute «proiek­tua zabalik dagoela nahi duenaren­tzat. Ez da elkarte itxia, eta proiektuan parte hartzeko prest dagoen edozein esku zabalik hartuko dugu». Izan ere, Go­rramendi gasnategiaren helburua, «ahalik eta artzain gehienei esnea prezio duinean saltzeko aukera eskaintzea da». Eta orain­goz esne guztiarekin gasna egiteko asmoa badute ere, ez dute baztertu etorkizunean bertzelako produktuak merkatu­ratzeko aukera, esnea bere saltzea edo gaz­tan­berak egitea, adibidez. «Denborak erranen du hori».

 

IDIAZABALEN BARNE

Gorramendi eta Belai: bi izen, baina gazta berdina

Gorramendi gasnaren ezaugarriak ondokoak dira:

• Baztango ardi latxaren esnea­rekin egina da.

• Esnea, gatzagia, hartzigarria eta gatza dira bere osagaiak.

• Naturala da, eta ez dute tratamendurik erabiltzen.

• Esne gordinarekin egindako gasna da, pasteurizatu gabekoa.

• Betiko gasna ondua da.


Bi izen

Bi izen erabiliko dituzte gasna merka­turatzerako orduan. Gasna Gorramendi izenarekin bataiatu dute, eta izen horrekin salduko dute gure eskualdean: «hemengo jendeari, beharbada, Idiazabalgoa izateak ez dio deus erraten. Eta publiko horri hemengo gasna bat eskain­tzen saiatuko gara, badakite nor garen, nongo artzainak garen...», azaldu du Ibai Etxartek. Eskualdetik, kanpo, ordea, Idiazabal jatorri izendapenaren barrenean salduko dute, Belai izenarekin. «Idiazabal kaliate onaren bermatzailea delako, bereizgarri bat», dio Etxar­tek. Dena den, garbi dute izena diferentea izanagatik, gazta berdina dela, modu berean egindakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun