Behi pirenaikoen lehiaketa enkantea Nafarroako Gobernuak laguntzen ez duelako ez dela eginen jakinarazi dute Baztango Bilduk eta Ezkerrak

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 2a

Iñigo Iturralde, Jon Elizetxe eta Mikel Ortega, martxoaren 1eko agerraldian. Utzitako argazkia

UPN gezurretan ari dela salatu dute

Nafarroako Gobernuak Baztango behi pirenaikoen feria egiteko laguntzak ia hutserat moztu dituela salatu zuten martxoaren 1ean egindako prentsako agerraldian Baztango Udaleko Bildu eta Ezkerrako ordezkariek. Aldi berean, Baztango UPNek honen inguruan erran dituenak gezurtatu nahi izan zuten.

Nafarroako Gobernuak Baztango behi pirenaikoen feria egiteko laguntzak ia hutserat moztu dituela salatu zuten martxoaren 1ean egindako prentsako agerraldian Baztango Udaleko Bildu eta Ezkerrako ordezkariek. Aldi berean, Baztango UPNek honen inguruan erran dituenak gezurtatu nahi izan zuten.

Iaz Elizondon Aspinarekin batean egin zen behi pirenaikoen feriak denetara 48.000 euroko gastua izan zuen. Baina, Jon Elizetxe zinegotziak gogoratu zuenez, “kontuak oraino zuritu gabe daude, zeren Aspinak eta babesle gehienek beren partearen handiskoena ordaindu badute ere (3.700 euro falta dira), Nafarroako Gobernuak oraino ez du bere zatia ordaindu, 15.250 euro hain zuzen”. Baina hori gutti balitz, Amaiurko abuztuko ardien feriako 3.675 euroak ere ez omen ditu ordaindu eta momentuz, diru hori Baztango Udalak jarri du, bertze behar batzuk ase gabe urziz; adibidez hiltegia. «Hala ere Udalak esfortzu bat eginez 17.000euroko partida bideratu du hiltegia moldatzeko».

Bertzalde, Nafarroako Gobernuak 2012ko aurrekontuetan feriak egiteko diru kopurua aitzineko urteko 50.000 euroetatik aurtengo 25.000tarat jautsi du. Gainera, murrizketak direla eta, aurtengo 25.000 euro horiek iaz agindutako dirulaguntzak ordaintzeko erabiliko dituzte: Baztango behi pirenaikoen feria, Amaiurko ardiena, Elizondoko feria, Uharte Arakilgoa… «Bistan denez, 25.000 eurorekin ez da aski, eta modu horretan, herritarrek jakin beharra dute iazko Elizondoko ferietako azienden merkaturako Nafarroako Gobernuak hitz eman zituen 6.000 euroak ez dituela ordainduko, hortaz, Elizondoko herriak kostu hori beregain hartu beharko du», jakinarazi zuten Bildu eta Ezkerrako zinegotziek.

Guzti hori ezagututa, Baztango udaletik Baztango feria desberdinei buruz solastatzeko Nafarroako Gobernuko abeltzaintza departamenduko arduradunekin mintzatu dira. «Hauek diru laguntzak ez segurtatzeaz gain, guk aurten feriak antolatzekotan, aurtengo laguntzen ordainketa heldu den urtean eginen dituztela erran digute, hau da, 2013. urtean. Nork ziurtatzen digu ordainduko liguketela? Noiz?» galdegin dute udal zinegotziek.

Bere aldetik, Baztango UPNk erran du Baztango Udalak ez duela feriarik antolatu nahi eta nekazarien aldeko solasekin ahoa bete bai, baina Bilduk eta Ezkerrak ez dutela deus egiten. UPN gezurretan ari dela aipatu zuten udal zinegotziek martxoaren 1eko agerraldian eta «Nafarroako Gobernua da feria hauek ez egitekotan, ez egitearen ardura duena eta, Nafarroako Gobernua da ere, urte guzti hauetan nekazariek jasan dituzten neurrien arduraduna, tartean Begoña Sanzberro UPNren Baztango zinegotzia eta aitzineko legealdiaen nekazaritza eta abeltzaintza kontseilaria». Bera kontseilaria zelarik nekazaritza eta abeltzaintzarako laguntzak %30 murriztu direla aipatu zuten, «berriz ere Baztango nekazarien guztiz kontrakoa den eredua bultzatuz eta, hain izan dira zabarrak, Europatik nekazaritza iraunkorrerako eta neurri agroanbientaletarako laguntzak ez dituztela politika horiek egiteko erabili ere egin, eta hori aski kezkagarria da, laguntza horiek Baztango nekazariak zuzenean ukitzen dituztelako».

Nafarroako Gobernuaren aldetik horrelako jokamodua ikusita, Baztango udalarendako ezinezkoa da 48.000 euro inguruko aurrekontua duen feria antolatzea. «Horrek ez du erran nahi ez garenik ari bertze aukerarik aztertzen, gure borondatea, lehiaketa urtero antolatzea da, baina ikusita Nafarroako Gobernutik ez dugula inongo segurtasunik, momentuz ezinezkoa izanen da», aipatu zuten agerraldian Bilduko Jon Elizetxe eta Mikel Orrtegak eta Ezkerrako Iñigo Iturraldek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun