Baztango udalaren funtzionamenduan «behin eta berriz ilegaltasunean» dabilela Bildu salatu du UPNk otsailaren 28an egindako agerraldian. «Sistematikoki prozedura ez da betetzen, batzordeak egin gabe batzarrak deitzen dituzte, dokumentazio epez kanpo eta geronek eskatzen dugulako bakarrik ematen digute eta behin eta berriz eskatu dugu plenoak bi hizkuntzetan egitea», dio UPNk, «Udalaren funtzionamendua txapuza bat da» gaineratuz. Batzorde informatiborik ez dagoela ere salatu du UPNk eta egoera aldatzen ez denez, Nafarroako Auzitegi Administratiboan ere errekurtsoa sartu omen du.
«Udalaren lan erritmoa eta lana kudeatzeko gaitasuna» murriztu direla ere salatu du UPNk, etxez-etxe banatu duen boletinean eta otsailaren 28an egindako agerraldian. Azken bortz urteotan, ekainetik abendura aztertu diren gaiak zenbatu ditu, eta kalkulatu duenez, beheiti egin dute. 2008ko bigarren seihilekoan 134 puntu landu zirela dio alderdi erregionalistak, eta 2011n 54 egin zirela, «%39 guttiago».
Aurrekontuaren inguruan ere mintzatu da UPN boletinean eta erran duenez, «Nafarroako Gobernuari baliabideak murriztea egotzi ondotik, aurrekontua iazkoa baino 400.000 altuagoa dela ikusita sorpresa hartu dugu». Zera gaineratu du: «Nafarroako Gobernuak %70eko dirulaguntza emanen lukeen eta Hirurteko Planean zeuden aurreikusitako jarduerak Bilduk eta Ezkerrak alde batera utzi dituzte». Aurrekontuen 553.671 euro inbertsioetara bideratuko dira eta horietatik 300.000 euro Gobernuak subentzionatu gabeko jardueretara joanen direla azaldu du UPNk. Aurrekontuen harira, «sinestezina, ulertezina, ausartegia, xahutzailea, arduragabea eta ez eraginkorra» hitzak erabili ditu UPNk.
Estatu mailako azienden lehiaketarako partida aurrekontutik kendu izana ere kritikatu du: «40.000 euroko gastua da eta babesle eta dirulaguntzekin, 20.000 eurokoa gelditzen da». Honi buruz zera galdegin du alderdi erregionalistak: «abeltzainei buruz solasean betetzen dute ahoa, baina errealitatean ez dira beraien lehentasunak. Borondate garbia behar da tokiko abeltzaintza sektorearen alde egiteko».
Magnak Zilbetin egin nahi duen harrobi proiekturako, herrilurrak uzteko Udalari egindako eskarian «Bildu bakarrik gelditu» dela ere badio UPNk oharrean. Batzar Nagusiari «gure errespetu osoa» adierazi die, eta aldi berean, proiektu honekin «Baztan, instituzioak eta joko demokratikoa irabazten atera direla» iritzi dio.
Bildu eta Ezkerraren «kezkak» ere kritikatu ditu UPNk, Bilduk aurkeztutako mozioak zein diren ikusita, «bere zereginak eta ardurak argi gelditu direla», erranez. UPNrendako, aldiz, «baztandarren ekonomia berpiztean jarri beharko luke arreta».
Udal langile guztiei EGA eskatzearekin ere ez da konforme agertu da UPN, «adin gehiago dutenendako, maila akademiko baxuagoa dutenendako eta euskaldun zaharrendako kaltegarriagoa izan daitekeelakoan». Dioenez, «UPNk proposamen alternatiboa aurkeztu zuen, euskararen jakintza maila lanpostura egokituko lukeena».