Ernesto Prat elizondarraren askatasuna eskatzeko manifestazioa eginen da larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 29a

Ernesto Praten askatasuna ez ezik, jazarpen politikoarekin akitzea ere eskatuko da manifestazioan. Utzitako argazkia

17:30ean abiatuko da plazatik “Ernesto askatu! Jazarpen politikorik ez!” izenburupean

“Ernesto askatu! Jazarpen politikorik ez!” leloarekin manifestazio deialdia egin dute Baztango gizarte eragileek heldu den larunbaterako, martxoaren 3rako. 17:30ean abiatuko da Elizondoko plazatik.

“Ernesto askatu! Jazarpen politikorik ez!” leloarekin manifestazio deialdia egin dute Baztango gizarte eragileek heldu den larunbaterako, martxoaren 3rako. 17:30ean abiatuko da Elizondoko plazatik.

Otsailaren 28an egindako agerraldian adierazi zenez, “Ernesto Prat elizondarra, bere ideia eta jarduera politikoarengatik jasaten ari dena guztiz bidegabea eta onartezina da. 2008ko irailean EKINeko ustezko kideen kontrako polizi-operazioan Ernestoren bila joan zen Guardia Zibila, eta ordutik, atxiloketa eta Espainiako estatuan hain ohikoak diren torturak saihesteko ihes egin behar izan du”.

Manifestazioaren deitzaileen idatziak zioenez, “polizia operazio horretan atxilotutako gehienek tortura gogorrak salatu zituztela oroitaraztea beharrezkoa da; geroztik epaiketa egin eta orain, sententziaren zain kalean baldintzapean daude. Aipagarria da Ernestoren kontrako lekukotasunak torturaren bidez eskuratu direla. Gainera, EKIN erakundeak bere burua desegin duela aipatu beharra dago”.

Espainiako estatuak azken hamarkada luzean alderdiak eta hainbat herri erakunde legez kanporatzeko salbuespen legeak egin dituela gogorazi dute eta “horren ondorioz jarduera politikoa kriminalizatu dute. Horrek ehundaka jenderen atxiloketa eta kartzelaratzea ekarri du, epaiketak eta ihes egin behar izatea. Euskal Herrian ireki den aldi politiko berri honetan, salbuespen legediek ez dute izateko arrazoirik”.

Prozesu demokratikoaren bidetik, salbuespen legeak eta eskubide zibil eta politikoen kontrako neurriak indargabetzea inoiz baino beharrezkoagoa da manifestazioaren deitzaileen ustez, hortaz, “horrelako atxiloketak eta euroaginduak inoiz baino ulergaitzagoak dira. Bide horretan beharrezkoa da ilegalizazioaren zikloa akitzea eta normalizazio politikoa laguntzeko bidegabekeria guzti hauek geldiaraztea. Jakin badakigu hori herritar guztien ekarpenarekin bertzerik ez dela lortuko, horregatik, Euskal Herrian eraikitzen ari den aldi politiko berri hau indartu, sendotu eta garatzeko, beharrezkoa ikusten dugu konpromisoak hartzea eta kalerat ateratzea; errepresioaren aitzinean, gure herrikideen defentsan ateratzea, elkartasuna adieraztea eta herri harresia eraikitzea”.

Bake-prozesuak aitzinerat egin dezan denen ahalegina eta konpromisoa behar-beharrezkoa dela ere uste dute eta “eragile desberdinek, estatuak kasu honetan arduraz jokatzea nahitaezkoa da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun