Otsailaren 4an Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatu ziren partidekin erabaki zen XII. Paxaka Txapelketako garaileak zein diren. Aitzinetik jakina zen bezala, txapela Iruritan gelditu zen, lehenbiziko lau postuetarako sailkatutako guztiak iruritarrak zirelako. Are gehiago, urtarrilaren 7an abiatu zen txapelketan parte hartu duten zortzi taldetik zazpi Iruritakoak izan dira.
Lehendabizi, hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu zen. Alde batetik, Guillermo Etxenike, Iñaki Zabaleta eta Migel Bidegain aritu ziren eta 9-6ko markagailuarekin nagusitu ziren, Mikel Ballarena, Jexux Etxenike eta Cesar Sarratearen kontra. Ondotik etorri zen finalaren txanda. Nahiko berdindua joan zen, eta azken emaitza izan zen horren lekuko. Migel Garate, Joseba Urtasun eta Joxe Mari Salaburuk 9-8ko emaitzarekin irabazi zieten Oskar Urrutia, Xabier Ripa eta Migel A. Iñarreari.
Txapelak eta sariak lehenbiziko lau taldeei banatu zitzaizkien eta Iruritako Aranabia Kirol Taldeko Maribel San Jose eta Josu Primek parte hartu zuten sari banaketan. Ondotik, afaria egin zuten denek elkarrekin.