Imanol Oskoz Etxandi autogidari elizondarra Nafarroako mendi automobilismoko txapeldun izan da aurten junior mailan (25 urte arte), baita maila absolutuan ere.
Oskozek 24 urte ditu eta 2007an hasi zen auto lasterketetan, urtebete lehenago trafiko istripuan hil zen Jon anaiaz oroituz. Izan ere, Jon Nafarroako mendiko automobilismoan txapeldun izan zen 2005ean. Anaia ongi gogoan izateko, Jon zu zara nire gidari esaldia ageri da bere Peugeot 205 GTI autoaren aitzineko aldean.
Autogidaria izateaz gain, azkeneko bortz urteotan mekanikaria da Rectificados Tecnomotor enpresan. Eta enpresa hori da bere laguntzaileetako bat, Sagardiko Edariak, Industrias Pevi, Hiper Nafar Mendi, Baztangoiza Tailerrak, Carrocerias Mugaire eta Rotugrafikekin batera. Laguntza guztiak ongi heldu dira, proba bakoitzean izen-ematea 130 eta 245 euro arteko gastua baita. Horri, garraiorako gurdiaren alokairua, zirrikak, erregaia, bidaiak, gidari nahiz laguntzailearentzat aseguruak eta bertze hainbat gastu gehitu behar zaizkio. Dena den, autoa berak prestatzen du etxean, zenbait lagunen laguntzarekin.
Rally-a ere probatu du Oskozek eta 2009tik Jabier Arregi du laguntzaile. Gainera, Nafarroako txapelketan, junior kategorian hirugarren izan dira.
Mendiko igoeretan, halere, bakarrik ateratzen da Oskoz. 2011n, Salinas, Aia, Urbasa eta Urrakiko igoeretan parte hartu zuen eta bere kategorian irabazle izan zen gehienetan.
Eta orain, 2011n txapeldun izan ondotik, martxoaren 4an hasiko den denboraldi berriari begira dago, berriz ere garaile izateko asmoz.