Gure eskualdeko eta eskualdez kanpoko hainbat langabek Cederna Garalur elkarteak eta hainbat Udalek (tartean Baztangoa) elkarlanean egin zuten enplegu tailerrean eman zuten izena. Bi zatitan banatu zen tailer hori, alde teorikoa eta praktikoan. Berriki, teorikoa akitutzat eman dute eta orain, praktikoarekin hasi dira. Baztanen kasuan, bi lagun ariko dira enplegu tailerrean eta egin beharreko proiektuak izenburu hauxe du: gure arbasoen aztarnak. Proiektu honekin, bertze gauzen artean, Baztango herrietan dauden errota, kisulabe, lixutoki eta bertze aztertu beharko dituzte, ondotik, ibilbide gisako bat egiteko. Baztanen hedadura haundia dela ikusita, lau ibilbide eginen dira, kuartel bakoitzeko ibilbide bat. Gisa honetara, kuartelka ibilbideak antolatuko dituzte, ondare bakoitzaren argazkiarekin eta deskribapena, egoera, kokapena, bertara ailegatzeko egin beharreko ibilbidea, ibilbidearen zailtasun/erraztasuna eta abarren berri emanez.
Otsailaren 13an hasi ziren tailer honekin eta apirilaren 20ra bitarte ariko dira.