Bardoak 2012 Nafarroako taldekako Bertsolari Txapelketaren barne, hainbat saio jokatu dira Baztanen. Otsailaren 3an egin zen lehendabizikoa Iruritan, eta Baztango Bar-ideak eta Berako Beratarrak aritu ziren, 50 entzuleren aitzinean. Etxekoek eraman zuten puntua. Otsailaren 4an Elizondon egin zen bertze saioa eta 80 bat lagun hurbildu ziren. Bertsotan, Baztango Lepanatatuek taldea –argazkian– eta Larraungo Hautsi ta barratu aritu ziren. Lepatanatuek taldeak azken orduko aldaketa bat egin behar izan zuen, eta Jon Barberenak ezin izan zuenez aritu, haren ordez Julen Zelaieta beratarra aritu zen. Baztandarrek irabazi zuten saioa. Otsailaren 11n, berriz, Anizko elkartean hirugarren saio bat jokatu zen: Malerreka eta Oronozko Erauntsi taldearen eta Lesakako Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak taldearen artean. Afaria eta ondorengo bertso saioan 60 lagun elkartu ziren eta azkenean, Erauntsi taldeak eraman zuen jokoan zegoen puntua.