Hotzari gogor eginez, 8,5 gradu zeropetik markatu zituen termometroak, 120 lagun inguruk erantzun zioten Elizondoko Herriko Etxeak egindako auzolan deialdiari. Tartean ziren Ikastolako kideak ere, antolatu ohi duen Zuhaitzaren Eguna harat bideratu baitzuen. 2011ko ekaineko batzarrean, 4,07 hektareako landaketa erabaki zen Elizondon, 6.000 zuhaitz landatzea, horietatik %80 bertako haritzak eta gainerakoak fruta zuhaitzak. Bortz urtez, 37.000 euro inguruko inbertsioa egin nahi da eta Europar Batasunetik %80ko dirulaguntza lortu da. Baina ahal dena auzolanean egitea erabaki zenez, halaxe egin zuten hilaren 12an. Gosari eder baten ondotik akitu zen auzolana, eta Herriko Etxetik «arras balorazio positiboa» egin dute: «urteak dira Elizondon ez dela Herriko Etxeak deituriko gisako auzolanik egin».