8,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 23a

Iaz baino %4,7 handiagoa da, baina gastu arrunta murriztu egin dute

8.462.631 euroko au­rrekontua izanen du Udalak aurten. Urtarrilaren 18ko osoko bilkuran Bildu eta Ezkerraren aldeko botoekin eman zi­tzaion hasierako onespena aurrekontuari. Au­rre­kontua joan den urtekoa baino %4,7 haundia­goa da inber­tsioen atalagatik, gastu­ arrunta mu­rriztu egin baitu Udalak.

 

Gastu arrunta beheiti

Bilduk urtarrileko be­rripaperean dioenez, «gas­tu arrunta murriztu eta berrantolatu ondotik», zerbitzu sozialetako lantalderako hiru langile gehiago kontratatu­ko dira: administrari bat (orain arte lanaldi erdia), gizarte langile bat eta hezitzaile bat. «Justizia eta berdintasun sozialaren aldeko gure konpromisoarekin bat eginez eta jendartean gerta­tzen­ diren bidegabekeriak, bazterketak eta arazoak gainditzeko egindako apustua izan dela» jakinarazi dute.

Gisa berean, aurrekontuetan berdintasun teknikaria kontratatzeko diru partida ere onartu da, baina Bilduk argi­tu duenez, «Nafa­rroako Gobernuak da­go­kigun dirulaguntza ematen badigu kontratazio hori egiten ahalko dugu». Aipatutako kontratazioak udaleko gastu arruntaren parte dira, eta hala ere, «orotara aitzineko urtean baino 100.000 euro guttiagokoa izanen dela», dio Bilduk.

 

Inbertsioetan gehiago

Inbertsioen inguruan, Bilduk azaldu duenez, hiru-urteko plana gauza­tzeko aitzineko Udalak onartutako diru-kopuruak eragin du aurrekontuetan izan den hazkundea. Aurten, ordea, «Udalak pilaturik duen zorragatik maileguak eskatzeko aukera galerazia du», dio Bil­duk, «eta horrek inber­tsioen atala guztiz baldintzatu du».

Gainerakoan, Gil­txaur­di kirol instalazioak enpresa publiko baten bidez kudeatzeko 35.000 euro bideratuko dira; Loizu hiltegian hobekuntza lanak egiteko 17.000 euro. Arizkun eta Azpilkue­ta­ko eskolen teilatuak konpontzea ere aurreiku­si da, baita uholdeen kalteak konpontzea ere. Zahar etxean biomasa galdara para­tzeko 67.300 euro onartu dira eta Zaldubiko industrialdean Udalak duen­ mila metro koadro­ko lurzatia salduz gero, Gartzaingo batzartokia eta Udalaren au­toak eta gauzak uzteko nabea eginen dira.

 

Berdintasun batzordea

Udalak berdinta­sun batzordea ere sortu du, Bil­duren arabera, «emaz­tekiek jasaten duten egi­tu­razko menperaketa gain­ditzeko, gizonki eta emaz­­tekien artean berdintasuna lortuz». Ber­tzeak bertze, helburuok izanen ditu: «indar­keria sexista borro­ka­­tu, emaz­tekien partehar­tze soziopolitikoa bulkatu, emaz­tekien txokoa edo espa­zio publikoak eratu...».

 

Hirigintza Plana

LAEE edo Lurraldearen Antolaketa Estrategia eta Ereduaz ere min­tzo da Bildu. Gogoratu duenez, aitzineko legeal­dian Udal Plan Orokor (UPO) berria­ idazteko lanak esleitu ziren. Hirigin­tza plan ho­rrek Baztango hi­ri­ garapena ondoko hamar urteetan nolakoa izanen den arautuko luke: etxeak­ non egin, tipologia, jarduera ekonomikoak non eza­rri, ko­muni­kazio az­piegitu­rak, zerbi­tzuak, hornidurak...

Planaren lehendabiziko zatia LAEE da eta horren gainean egiten da arauak zehazten dituen Udal Plana. Udal berria osatu zenerako, idazketa lanak adjudika­tuak dituen enpresak LAEE egina zuen, nahiz eta orain­dik ez duen hasierako onespenik jaso.

Bilduk, bere aldetik, LAEE hori geldiaraztea proposatu du, eta «parte­hartze prozesu herritar baten bidez LAEE be­rri­daztea». Hain zuzen, prozesu horren aurkezpena otsai­laren 4an egin zen Arizkunenean. Gaiaren harira, kuartelka bi bilera txanda egin nahi dira, «herritar guz­tiek parte hartzeko aukera izan dezaten». Baztango eragile sektorialekin foroa ere osatuko da, «antolaturik dauden herritarrek interes sektorialetatik aportatzeko». Erakusketa dinamikoa ere ikusgai dago Elizondoko plazako eraikinean, «hasieran, Baztanen hiri-garapena erakutsiko duten argazki zaha­rre­­kin eta ondotik, LAEEren proposamene­kin». Informazioa web orri­tik ere eskuratzen ahalko dela jakinarazi du Bilduk. Eta behin informazio guz­tia esku ar­tean, hirigintza plana idazteko kontratua duen­ enpresak LAEE berrida­tzi beharko luke.

 

DATUA

67.300 EURO bideratuko ditu Udalak zahar etxean biomasa galdara paratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun