Magnak tunel bat egiteko eskatu duen Kintoko herri-lurren desafekzioaz erabakitzeko prozeduraren inguruan UPNk eta Baztango Ezkerrak ez dutela Batzar Nagusian erabakitakoa onartu salatu dute Berroeta, Aniz, Oronoz, Arraioz, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo, Arizkun, Erratzu, Azpilkueta eta Amaiurko herrietako alkateek eta Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuko junteroek.
Alkate eta juntero hauen erranetan bai UPNk, baita Ezkerrak ere “legitimazioa eman diote Batzar Nagusiari desafekzioaz erabakitzeko, bi aldiz debatetan sartuz eta bi aldiz bozketan parte hartuz. Ez batak ez bertzeak ez dute onartu bertan erabakitakoa. Errespetu falta ikaragarria iduritzen zaigu. Hau dena zeren truk egiten dute?”.
Desafekzioaz erabakitzeko konpetentzia Kintoko Mankomunitatearena da eta bertako Baztango ordezkariak alkatea eta alkateordea direla diote bere idatzian: “Ez gara sartuko gure ordezkarien bozka non erabaki behar zen epaitzera, Batzar Nagusian (Zinegotzi, Alkate eta Junteroak) edo Udalan (Zinegotziak), baina erabili gaituztela argi dago eta burla hutsa izan da”. Zenbait herrietan batzarrak deituarazi zituztela eta bertze batzuetan ez aipatu ondotik, zera galdetzen dute alkate eta junteroek: “Zertaz eraman dute udal plenora Baztanek Mankomunitatean eman beharreko bozka, Batzar Nagusian zein izanen zen erabakia bazegoen? Etekin politikoa ateratzeko Baztandarren hitzaren kontra joz bidenabar? Gainera, urtarrileko Batzar Nagusia egin zenerako Nafarroako Gobernuak desjabetzea eta MAGNAren proiektua bideratua zuen jadanik. Non gelditzen dira azken finean tokiko erakundeak?”.
Herrietan batzarreak egitea ez dela nahitaezkoa aipatu dute alkate eta junteroek, “ Batzar Nagusietan Herrietako alkateek ematen duten botoa hausnartua eta legitimoa da, batzarrea egin edo ez, Batzar Nagusietan jorratzen diren bertze hameka gaietan gertatzen den bezala. Herritarrak posible du Batzarreak eskatzea, eta bertzenaz erabakiren batekin ados ez badago kontuak eskatzen ahal dizkio gero alkateari”.
Akitzeko, proiektua auzitegietan dagoela gogorazten dute eta ebazpenik izan gabe, UPNk eta Bek bere onikusia eman diotela. Epaia ezezkoa balitz arduraduna nor izanen den eta nork ordainduko duen horrek ekarriko duen kaltea galdegiten dute, “UPNk eta Bek edo Baztan osoak?”.