Bihar (otsailak 24) hasiko da goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketa Perth-en (Eskozia). Lehen eta bigarren egunetan kluben arteko txapelketak jokatuko dira, eta horietan ariko dira hain zuzen ere, euskal klubak. Nazioen arteko txapelketan oraindik ezin dute euskaldunek lehian jardun, Lapurdiko Ñapurrakek izan ezik, Ezpeletakoek Frantzia ordezkatzea erabaki baitute.
Euskal Herriko herri kirol federazioek eta klubek urtero ari dira Euskal Herria TWIFeko (Nazioarteko Sokatira Federazioa) partaide ofiziala izan dadin borrokatzen eta horrekin TWIFek antolatzen dituen txapelketetan esku har dezan, baina TWIF ezezkoan dago buru-gogor, eta oraingoz kluben arteko lehian jardun beharko da. Hori bai, eskoziarrek ontzat jotzen dute euskal klubak izan daitezen, TWIFentzat bestelako naziokoak baldin bagara ere.
Otsailaren 23an (ortzeguna) euskal taldeei dagokienez, sei klub dira aritzekoak lehian (10:30): Abadiño A eta Abadiño B (Abadiño, Bizkaia), Amaiur (Nafarroa), Berriozar (Nafarroa), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Sokarri (Arrigorriaga (Bizkaia). Ordu erdi beranduago emakumezkoen tiraldiak izango dira ikusgai, eta Badaiotz (Gasteiz; Araba), Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa) eta Sakana (Arbizu, Nafarroa) ariko dira 540 kiloko txapelketan. Biharamonean, 600 kiloko txapelketan ariko da Amaiur.
Joan zen larunbatean bukatu zen Euskadiko Txapelketan Abadiño nagusitu zen gizonezkoen 560 kilokoan eta Badaiotz 540koan. Amaiur hirugarren izan zen.
Amaiur Munduko azpitxapeldun duela bi urte Cesenaticon (Italia)
Orain dela bi urteko txapelketan –bi urtez behin jokatzen da Munduko Txapelketa- Abadiño A-k kolkoratu zuen urrezko domina gizonezkoen 560 kiloko txapelketan eta Amaiurrek zilarrezkoa otsailaren 25ean, Cesenatico herrian (Italia). Hamabost talde aritu ziren sokan sailkapen ligaskan, bi multzotan banatuta. Hamabost talde aritu ziren lehian, eta horietatik bost, Euskal Herrikoak izan ziren: Abadiño A eta B (Abadiño, Bizkaia), Amaiur (Amaiur, Nafarroa), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia).
Finalerdietan, Abadiño A-k COCKHILL kanporatu zuen eta Amaiurrek Richhill. Ondorioz, finala Abadiño A-k eta Amaiurrek jokatu zuten. Bi tiraldi gogor jokatu zituzten eta bietan gailendu ziren bizkaitarrak, 3 minutu pasatxoan.
Emakumezkoei dagokienez, 540 kilokoan Badaiotz azpitxapeldun izan zen, Sakana hirugarren eta Lesakako Beti Gazte laugarren. Aurten ez da emakumezkoen eskualdeko ordezkaririk izanen.
Gogoratu behar da eskualdeko azken Munduko txapelduna Lesakako Beti Gazte izan zela, Eskoziako Glasgo hirian. Lesakarrak, Euskadiko txapel bakar bat ere irabazi gabe joan ziren (Abadiñok irabazi zituen), baina urrezko domina lortu zuten 600 kiloko kategorian eta zilarrezkoa 560 kiloko kategorian. Ea bada amaiurtarrek lortzen duten balentria errepikatzea.