ONCE erakundearen sari bat eskuratu dute Lekarozko Institutuko hiru irakaslek

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 17a

Hirugarren mailako ikasleek, ukimen bidez irakurtzeko moduko planoak prestatu zituzten. Juan Mari Ondikol

Ikasle itsu baten mugikortasuna errazten duen ikusmen pedagogiarako programa bat landu zuten

Ikasle itsu baten mugikortasun eta sarbide arazoekin topo egin zuten duela hiru urte Lekaroz Bigarren Hezkuntza Institutuan. Hiru irakaslek, Puri Mugiro, Tere Azpiroz eta Orreaga Urrozek arazo horiei aurre egin eta ahal zen neurrian moldatzeko saiakera egin zuten. ONCE erakundearen saria jaso dute orai.

Ikasle itsu baten mugikortasun eta sarbide arazoekin topo egin zuten duela hiru urte Lekaroz Bigarren Hezkuntza Institutuan. Hiru irakaslek, Puri Mugiro, Tere Azpiroz eta Orreaga Urrozek arazo horiei aurre egin eta ahal zen neurrian moldatzeko saiakera egin zuten. ONCE erakundearen saria jaso dute orai.

2008-2009 ikasturtean ikasle itsu bat matrikulatu zen Lekarozko Institutuan. Hori baino lehen, sarbidea errazteko zenbait hobekuntza eginak ziren ikastetxean, klase batzuk braille sistemarekin errotulatuz, extintoreak lekuz aldatuz, eskailera bukaera ukimen banda batekin seinalizatuz… Baina ikasturtea hasterakoan, ikaslearekin gehien erabiltzen zituen lekuen barna ibilaldia egin eta aski ez zela ohartu ziren. Ikasleak ez zuela autonomia nahikorik bere harat-honatetan.

Puri Mugiro, Tere Azpiroz eta Orreaga Urroz irakasleek jakinarazi dutenez, «Lehen Hezkuntzan, ikusten duten nahiz itsu diren ikasleek badute inguruaren ezagutza lantzeko denbora bat, baina arlo hori ez da kontuan hartzen bigarren hezkuntzan. Ikaslearen autonomia pertsonala mugatzen duen hutsune hori betetzeko planifikatu genuen esperientzia hau».

 

Planoak planeatzen

Orduan Lekarozen eta gaur egun Iruñeko Eunate Institutuan ari den Puri Mugirok ikasle itsuendako planoak egiteko ONCEren ikastaro batean parte hartua zuen eta Lekarozen teknika hori lantzea proposatu zien Teknologia eta Pedagogia Terapeutikako irakasleei. Honela, hirugarren mailako ikasleak hasi ziren planoak egiten, Teknologia arloko kurrikulumaren barnean. Ikasle hauek, teknologia irakaslearen gidaritzapean, ikasle itsua mugitu behar zen eremuen kokapena aztertu eta errepresentazio sistema ezberdinak landu zituzten. Horiek planoetara eraman zituzten, modu xinplean eta irakurterrazean. Plano horiek ukimenaren bidez “irakurtzeko” moduan jartzeko, Fusher labea erabili zuten Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroan. Ikasle itsuak plano horiek ikasi eta arazorik gabe mugitzen da ikastetxean. «Ikaslea bera hagitz ernea izateak aunitz lagundu digu, eta ikasle guziek borondate handia erakutsi dute. Prozesua motela eta landua izan da, baina emaitzak bikainak izan dira», diote irakasleek.

Planoak planeatzen izeneko egitasmo honek ONCEk deitutako eskola esperientzietako hezkuntz ikerketa lehiaketan bigarren saria eskuratu du. Baina sariak baino poz handiagoa eragiten die egunero-egunero ikasle itsua ikastetxean barna mugitzeko zein ongi moldatzen den ikusteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun