«Behin baino gehiagotan Arraiozko Urrutia auzoa, goiko auzoa, urik gabe egon da Nafar Mendi-Simply hipermerkatuaren momentuko ur kontsumo izugarrien ondorioz eta erantzule bakar baten errua izan da, Pier Elorga, Nafar Mendi-Simplyko jabea». Halaxe dio Arraiozko Herriak egoera salatzeko igorritako prentsa oharrak.
Aferaren errepasoa eginez, «duela urte batzuk, orain Nafar Mendi-Simply deitzen diogun Hipermerkatua eraikitzeko lehenbiziko pausuak ematen hasi zirenean, Elorga familiari, eta konkretuki Pier Elorgari, Arraiozko herritarrek jakinarazi zioten uraz justu zebiltzala eta kezka handia zutela herrian honelako denda handi batek duen ur kontsumoak ekarriko zuen larritasun eta eskasiaz», dio idatziak. Nagusiak trankil egoteko erran zuen, beraiek hornituko zutela urez Arraiozko depositua. Honetaz gain, eraikinaren inguruko belai eta lorategiak zaindu, garbitasun industrialak egin, hipermerkatuko eremuan lurpeko ur bonbaz hornitu etab… eginen zituela erran zuen. Arraiozko Herriaren arabera, «gaurko egunean hau dena gezurra bertzerik ez da izan. Ez du agindutako bat bera ere bete».
Ur depositua hornitzeko konpromisoan bigarren saiakera bat egin zen, Agerre baserri ondoan, lurpean, ura aurkitu eta ur bonba bat jarri zuten herritarren laguntza izan zutelarik. Lan hauek ordea ez ziren akabatzera iritsi. «Ura depositura bideratu gabe, elektrizitatez hornitu gabe, automatizaziorako aparatua jarri gabe, inongo fundamenturik ezta interesik erakutsi gabe, lanak alde batera utzi zituen», dio Arraiozko herriaren idatziak. Arraiozko herritarrek auzolanen bidez elektrizitatea bideratzeko beharrezkoak diren lurpeko tuboak jarri eta behar ziren arketak egin zutuzten, lanak aintzinera eramateko helburu bakarrarekin.
Arraiozko alkateak, Nafar Mendi-Sympliko nagusiarekin bildu zen. Hipermerkatuak enpresa baten 9.000 euroko aurrekontua zuen lanak egiteko, baina «gastu honi aurre egiteko inolako interesik ez zegoela ohartuta», alkateak auzolan bidez obra osoa eginen ziola eskaini zion, eskaera bakar batekin, obrako materialean gastatzen zen guztia, 4.500 euro hain xuxen ere, hipermerkatuaren kontua izanen zela. «Honi ere ezezko borobila eman zion», dio idatziak.
Arraiozko Herriak bidalitako idatziak dioenez, «ez da lehenbiziko aldia bere hitza betetzen ez duena. Arraiozko biztanle batzuei hitza eman zien Naztako bidea errespetatua izanen zela. Denei, baina bereziki bide honen erabiltzaileei, ez zien inongo kasurik egin”.