Elizondoko inauteriak, ohikoa denez, Ortzegun Gizen egunarekin hasiko dira. Oilar dantza edo Orakunde eguna ospatuko dute Elizondoko ikastetxeetako haurrek.
Otsailaren 17an, ortziral goizeko 10:00etan Mozorroen elkartzea eginen dute Gaztetxearen parean eta ondotik puxka biltzeari emanen diote hasiera. 14:30ean bazkaria eginen dute. 16:00etan haurren mozorro desfilea (Elizondoko San Francisco Javier eskola publikoa, Baztan ikastola eta haurtzaindegikoak). Eta desfilearen nekeak kentzeko, txokolatea eta dantzaldia haurrendako. Ondotik, mozorroen ibilaldia musikarekin. 22:00etan Jantziloren erretzea eginen da plazan.
Otsailaren 18an, larunbat goizeko 11:00etan Mozorroak elkartzeko hitzordua paratu dute. Zopak eta ziztor jatea izanen da Ikastolako Parkean. Ondotik, herrian barna ibiliko dira mozorroak, trago batzuk hartu bidenabar. Aurtengoan ez dute txarangaren laguntzarik izanen eta, modu berean, herri bazkaririk ere ez da izanen, koadrila bakoitzak bere aldetik bazkaltzeko ohitura handiagoa baita.
Bazkaldu ondotik ere inauteri giroa nabaria izanen da karriketan. 18:00etan Mozorroen desfilea karrikaz karrika. Hasieran aipatu bezala, otsailaren 4ko bileran erabat zehaztu beharrak ziren programazioa eta ordutegiak.