Gure eskualdeko eta eskualdez kanpoko hainbat langabetuk izena eman zuten Cedernak eta hainbat Udalek (tartean Baztango Udalak) elkarlanean egin zuten Enplegu Tailerrean. Tailer hori bi zatitan banatzen zen: alde teorikoa eta praktikoa. Alde teorikoa bukatutzat eman dutenez, orain alde praktikoarekin hasiko dira. Baztani dagokionez, bi pertsona izanen dira Enplegu Tailerren alde praktikoan arituko direnak.
Bi pertsona hauek “Gure arbasoen aztarnak” izeneko proiektuan ariko dira. Proiektu honekin bertze gauzen artean, Baztango herrietan dauden errota, kisulabe, lixutoki eta abarrak aztertu beharko dituzte, ondoren ibilbide gisako bat egiteko. Baztanen hedadura handia dela ikusirik, lau ibilbide desberdin egitea egokiagoa litzatekeela ikusirik, kuartelak hartu dituzte oinarritzat, hortaz kuartel bakoitzeko ibilbide bat proposatuko da. Modu honetan kuartelkako ibilbideak antolatuko dituzte, ondare bakoitzaren argazkiarekin, deskripzioa, egoera, kokapena, bertara ailegatzeko egin beharreko ibilbidea, ibilbidearen zailtasun/erraztasuna…
Horixe izanen da, laburzki, otsailaren 13tik apirilaren 20 bitarte tailer honetan parte hartzen ari direnek eginen duten gauzetariko bat.