Aroztegiko proiektuaren tramitazioan gauzak argitzeko eskatu du Baztango NaBaik

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 10a

Aroztegiko jauregiko proiektuaren tramitazioan «administrazioaren isiltasuna» salatu du NABaik. Artxiboko argazkia

«Administrazioaren isiltasuna» kritikatu du

Aroztegia Jauregian, hotela, golf-zelaia eta etxebizitza eremua egiteko proiektua tarteko, udal planean egindako aldaketaren txosteneko tramitazioei buruz galdetu dio NaBaik Baztango alkateari. Udal planaren aldaketa onartu zenetik, egin denaz errepasoa egin du NaBaik.

Aroztegia Jauregian, hotela, golf-zelaia eta etxebizitza eremua egiteko proiektua tarteko, udal planean egindako aldaketaren txosteneko tramitazioei buruz galdetu dio NaBaik Baztango alkateari. Udal planaren aldaketa onartu zenetik, egin denaz errepasoa egin du NaBaik.

Gogoratu duenez, 2010ean onartu zen Aroztegia Jauregiaren inguruan udal planaren aldaketa egitea. 2011ko maiatzaren 2an, Konpentsazio Batzordearen estatutuen hasierako onarpena argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tokiko Udal Gobernu Batzordeak martxoaren 22an hasierako onarpena emandakoan. NaBairen arabera, «Udalaren behin betiko onarpena emateko legezko epea pasatu» egin zen, eta promotoreak berak bultzatuta, irailaren 30ean udal planean egindako aldaketaren ondoriozko Konpentsazio Batzordearen estatutuen behin betiko onarpena argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

NaBaik oharrean dioenez, «2011ko azaroaren 21ean Konpentsazio Batzordea eratu zen Elizondoko notariotzan, eta Udalaren aldetik ez zen ordezkaririk joan deialdi horretara».

Hori baino lehen, 2011ko abuztuan Aroztegia Jauregiko promotoreak udal planaren aldaketaren inguruko plan partziala udal erregistroan aurkeztu zuela dio NaBaik, Udalari hasierako onarpena eskatuz. «Azaroaren 18an plan partzial horren hasierako onarpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Berriro ere, promotoreak egin zuen argitaratzeko eskaera, legezko epean Udalak ez zuelako hasierako onarpenaren ebazpenik eman».

Hala, NaBaik hori guztia argitzeko eskatu dio alkatetzari: Konpentsazio Batzordea eratzeko bilerara zergatik ez zen joan eta Konpentsazio Batzordearen estatutuak behin betiko onartzeko eta plan partzialari hasierako onarpena emateko legezko epeetan zergatik ez duen deus erran azaltzeko erranez. «Administrazioaren isiltasun» hori «espediente honekin bakarrik pasatu ote den edo gehiagotan gertatu ote den argitzeko» ere eskatu du NaBaik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun