Duela hiru urte Elizondoko inauteriak asteburura pasatu zirenetik, asteartean mozorrotzen segitu duen taldeko kide da Jabier Pruaño. Baina aurten Inaute Asteartea besta eguna ez denez, egun horretan ez dela inor aterako uste du. «Ostatuek irabazi dute eta ospatzeko baino, kontsumitzeko besta bihurtu da inauteria» dio penatua eta garai bateko inauteen izpiritua berreskuratu beharko litzatekeela uste du.
Zer da Elizondoko inauterietan gehien gustatzen zaizuna?
Egun osoan mozorrotua egoteaz aparte, asteartez egiten zirenean, gosari eta bazkariak ziren gehien gustatzen zitzaidana. Karrozarena aitzaki bat zen lagunekin elkartu eta ongi pasatzeko.
Azken urteetan berriz ere inauteriak asteartean ospatzea eskatu duzue, egun horretan mozorroarekin ateratzen segituz…
Aldatu zenean, lehenbiziko urtean koadrila aunitz atera ginen asteartean, hori erreibindikatuz. Azkenean, inauteria kendu, baina besta eguna mantendu zen. Baina joan den urtean gu bakarrik atera ginen, «lau ero». Aurten, besta eguna ez denez, ez dut uste inor aterako denik Elizondon. Dena den, Erratzura edo joan gaitezke mozorroturik, gure eskariarekin segitzeko. Erratzun inauteria asteartez ospatzen segitzen dute.
Eta zergatik nahiago duzue Asteartean ospatzea?
Ez da afera politikoa ezta erlijiosoa ere. Asteartea besta lokala zen eta inauteria baztandarrentzat zen. Egunez aldatzeko batzarrean aipatu zen kanpoan jende aunitz bizi dela, gazteek nahiago dutela asteburuan… baina duela 20 urte ere berdin zen. Inauteria ez da zergatik jendetsua izan behar, herri ttikietan edo baserrietan egiten den eskean zenbat jende ibiltzen da? Azkenean ostatuen eskakizunei men egin zaie eta besta ospatzea baino gehiago, ahalik eta jende gehien kontsumitzera etortzea bilatzen da.
Noiztik ateratzen zara mozorroarekin eta karrozarekin?
Hamasei bat urte nituenetik hasi ginen karrozarekin ateratzen, baina azkeneko 8-9 urteetan ez dugu karrozarik egiten, baina bai mozorroa. Gai bat aukeratu eta egiteko erraz xamarra baldin bada hobe.
Eta zein da urte horietan gogoan gelditu zaizun mozorroa?
Okinez ateri eta ogia egiteko labea prestatu genuen. Irina jendeari botatzen ibili ginen eta polemika izan genuen. Ameriketako granjeroz atera ginenean ere, 400 kilo lasto hedatu genuen karrikan. Inauteria hori izan da, boterea edo elizaren kontra joateko eguna, bizilaguna zirikatzeko, eta hori galdu egin da. Nere ustez probokazio hori, izpiritu zirikatzaile hori berreskuratu beharko litzateke eta ez disfraz perfektoa bilatu.