Magnak Zilbetin egin nahi duen harrobirako eskatu den herrilurren desafektazioa dela eta, lurra uztearen alde egin du Udalak. Otsailaren 2ko plenoan eztabaidatu zen afera, eta UPNko bortz zinegotzien eta Ezkerraren bi zinegotzien aldeko botoekin atera zen aitzinera. Bilduko bortz botoak, ordea, kontrakoak izan ziren. Emaitza bera jaso zuen Bilduren herri galdeketaren proposamenak ere, kontrako zazpi (UPN eta Ezkerrarenak) eta aldeko bortz (Bildu).
Erabakia Kintoko Mankomunitatera udal ordezkariek eramatea ere erabaki zen. Garbiñe Elizegi alkateak, bere aldetik, Batzar Nagusiak herrilurra ez uztearen kontra hartutako erabakia Kintoko Mankomunitatera eramanen zuela ere jakinarazi zuen.
Ezkerraren asanblada
Zilbetiko aferan, otsailaren 2ko udal plenoan zer bozkatu erabakitzeko asanblada egin zuen Ezkerrak urtarrilaren 28an. 80 lagun inguru bildu ziren, eta ohar bidez jakinarazi zutenez, «aho batez Ezkerraren bozka desafekzioaren aldekoa izatea» erabaki zuten, «aitzinekoan ere horrela erabaki baitzen». Gaineratu zuenez, «honen inguruko erabakia hartzea plenoari dagokio, eta ez bertze inori».
Bildu: herri galdeketa
Bilduk, berriz, herri galdeketa egitea proposatu zuen urtarrilaren 31n egindako agerraldian. Bere hitzetan, «Ezkerrak eta UPNk ez dute beraiek parte izan ziren Batzar Nagusiko erabakia errespetatu nahi eta gaia erabakigune murritzago baterat eraman nahi dute». Hala, erabakigunea «baztandar guztiengana hedatzea eta modu horretan erabakia hartzea, hau da, herri galdeketa egitea», proposatu zuen Bilduk. Eta horrela ez egitekotan, Batzar Nagusian alkate, juntero eta alderdi guztien parte hartzearekin birritan hartu zen erabakia Kintoko Mankomunitatera eramanen dutela aipatu zuen agerraldian.
Bertzetik, Ezkerraren erabakia «guztiz harrigarria» dela adierazi zuen, «hondarreko Batzar Nagusian bai Ezkerrakoek baita UPNekoek ere, idatziak sartuz, eztabaidetan eta bozketan parte hartuz praktikan Batzar Nagusiaren zilegitasuna aitortu baitzuten, eta harrigarriagoa dena, Ezkerrakoek Batzar Nagusiaren erabakia onartuko zutela publikoki erran zuten bileran». Batzar Nagusiko kideei eta gai honetan lanean aritu direnekiko «errespetu falta nabarmena» iruditu zaio Bilduri eta Ezkerrari, «leialtasun falta larria» leporatu dio: «gaia Batzar Nagusiaren bidez kudeatuko genuela adostuta, hitzartutakoa hautsi dutelako».
Gobernuaren baietza
Nafarroako Gobernuak Zilbetiko harrobiaren proiektua eta Kintoko erabilera publikoa «bateragarriak» direla ebatzi zuen urtarrilaren 25ean, eta beraz, tunela eraikitzeari bidea zabalik utzi zion. Gobernuak erran zuenez, «Magnaren proiektua osotasunean egin daiteke, eta horrela, Nafarroa mendialdeko egonkortasun sozio-ekonomikoa bermatuko da».
Talde ekologista
Harrobiaren proiektua bertan behera uzteko eskatu du SEO/BirdLife talde ekologistak. Salatu duenez, babestutako eremutik 87.000 pago bota nahi ditu Magnak, eta gainera, harrobia egiteko Aldude mendian moztu nahi duen zuhaitz kopurua ez da horretara mugatzen. SEOren arabera, Kintoan minerala garraiatzeko egin nahi den tunelaren iparraldeko sarrera aldean, dagoeneko 2.500 pago moztu dituzte. Desagertzeko zorian dagoen okil gibelnabarra inguru horretan bizi dela ere jakinarazi du.