Nafar-Mendiko ‘gertakizun larriak’ salatu ditu LABek

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 8a

Nagusiaren kontrako salaletak paratu dituzte

LAB sindikatuak Nafar-Mendi supermerkatuan «gerta­tzen ari diren gertaera larri batzuen berri» eman du prentsa-ohar bidez. Merkatari­tza gune honen kontra deus ez duela eta kontrako kanpainarik ez duela egin nahi garbi utzi du LABek, baina 2010eko ekai­nean­ 50 langilerekin zabaldu zenetik gaur egunera arte «langileen kaleratzeak, irainak eta tratu txa­rra bere zentzurik zabale­nean eguneroko ogia» direla dio sindikatuak eta enpresako nagusia jo du erantzule.

Kaleratzeei dagokienez, urte eta erdian, «20-25 bat langile kaleratu dira, kaleratze indibidual batekin, gehienak modu hagitz txa­rrean, inolako erregulazio espediente edota antzeko neurririk gabe», jakinarazi du.

LABen salaketa urru­tirago doa: «langile ba­tzuei antsietateak eta an­tzeko patologiak aurkitu dizkiete medikuek, denak lanari lotuak daudenak eta bertan jasaten duten jazarpen laborala dela medio». Gaur egun, jazarpen hori tarteko, «ba­daude langileak baja­ egoeran daudenak, depre­sioa eta antzeko patologiak diagnostikatu zaizkie», dio LABek. Ho­rrez gain, gaineratu du, «langileen aurkako mehatxu, irain eta eraso fisikoengatik nagusiaren kontra hainbat salaketa paratu direla bai Foru Poliziaren komisarian, baita lan auzitegian ere».

Honelako gertaerak Nafar-Mendi supermerkatutik eta gertatzen diren toki orotik desagerta­razteko bere esku dagoen guztia eginen duela aipatu du LABek, «ez dugulako utziko inongo nagusiak langileekiko ho­rrelako jarrerarik izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun