Baztanen, duela 15.000 urte inguruko europar leinu genetikoak daudela zehaztu du UPV/EHUko Biomics taldeak egin duen ikerketa batek. Azterketa baztandarrei hartutako odolaren eta listuaren 200 lagin baino gehiagotan oinarritua dago, eta leinu paleolitikoak identifikatu dituzte biztanleen DNAn. DNA frogetatik ondorioztatu denez, baliteke Europako mendebaldea birpopulatu zen garaikoa izatea, glaziazioaren ondoko garaikoa, hain zuzen.
Baztandarren artean aurkitutako antzinako leinuen kontzentrazio handiaren arrazoia lurraldearen beraren ezaugarriekin lotuta egon daitekeela uste du Biomics taldeak: «bailararen orografia itxiaren eraginez, populazio homogeneago bat eratuko zen, eta ondorengo migrazio-mugimenduan eragin ttikiagoa izanen zuen».
Ikerketa talde honek 30 urteko esperientzia dauka populazioen genetikaren arloan eta egindako aurkikuntzei esker, azalpen zientifikoa eman die Europan gotorleku edo babesleku paleolitikoetatik egin diren migrazio-mugimenduei. Horien artean dago euskal eremua, Franko-Kantauriarraren zati bezala.