Frantziako Poliziak Ernesto Prat (Berriozar, 1978) atxilotu zuen urtarrilaren 25ean Urruñan (Lapurdi) eta Paueko Epaitegira eraman ondotik, Seysses-eko espetxean sartu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren kontrako euroagindua eskatu zuen, eta astearte honetan, otsailak 7, jakinaraztekoa zen euroagindua onartu duen ala ez. Sortzez Berriozarkoa bada ere, Baztanen bizi zen Prat, eta horren harira, batzarre informatiboa egin zen atxilotu zuten egun berean Elizondoko plazan. Udalak mozioa ere onartu zuen, «epaiek berretsi gabeko salaketarik ez egiteko» eskatuz, «familiari elkartasuna» adieraziz eta «ETAk indar armatuarekin akitu izanagatik sortu den eszenatoki politiko berriaren aitzinean, Frantzia eta Espainiako gobernui jokamolde errepresiboak uzteko eta soluzio politikoak bilatzeko prozeduretan inplikatzeko» eskatuz.
Bertzetik, Iñaki Erro preso politikoa osasun egoera larrian dago eta bere familia Elizondon bizi dela kontuan hartuz, Udalak «legea betez, kartzelatik ateratzeko» eskatu du, «behar den bezala artatu ahal izateko».