Ziga, Azpilkueta eta Elbeten asteburu honetan ospatuko dira inauteriak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 8a

Azpilkuetako inauteriak.

Azpilkuetan eta Zigan bi egunez eta Elbeten larunbatean

Inauterietako aroan bete-betean murgilduak gaude Baztanen, eta hasia da mozorro besta. Aniz izan zen inauteriak ospatzen lehendabizikoa, eta Berroetak hartu zuen lekukoa ondotik­. Arraioz eta Oronoz-Mugairiren txanda etorri zen gero. Otsailean sartuta, Erratzun Gizakunde ospatu zuten, eta orain gainerako herrie­tan izanen dira inauteriak.

Azpilkuetan, asteburu honetan izanen dute­ inauterien txanda. Ortzi­ra­lean, otsailak 10, gosaldu ondotik, eskean ibiliko dira Zuaztoi, Urra­sun eta Arribiltoa auzoetan eta gauean gazte afaria eginen da. Larunbatean, gosaldu eta Apaioa auzoan eta herrian eskean ibiliko dira eta gauean afaria eginen da.

Elbeten, larunbat honetan, otsailak 11, eginen dituzte inauteriak. Goizean indarrak har­tzeko gosaria eginen dute eta ondotik, etxez-etxe­ eskean ibiliko dira gaz­teak. Gauean herritar guztiendako afaria izanen da Posadan akordeoi doinuek lagunduta.

Zigan ere asteburu honetan izanen dituzte inauteriak. Ortzirala eta larunbata etxez-etxe eskean eta otorduak eginez besta giroan pasako dituzte.

 

Orakunde

Orakunde izaten da inauterietako bertze hi­tzor­dua. Otsai­laren 16an izanen da he­rri gehienetan eta nes­ka-mutikoak oilarra­ren gibeletik ibiliko dira, egu­rrezko ezpatekin eta begiak estaliak dituztela. Anizen eta Be­rroetan, aldiz, otsailaren 18an izanen dute Orakunde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun