Nafarroako mendi automobilismo txapelketa irabazi du Imanol Oskoz elizondarrak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 2a

Javier Arregi kopilotoa ezkerrean eta Imanol Oskoz gidaria eskuinean, urte hauetan irabazitako garaikur batzuk gibelean dituztela. Juan Mari ONDIKOL

Junior eta absolutu mailako txapelak irabazi ditu eta hirugarren izan da rallyetan, Javier Arregi kopiloto zuela

Imanol Oskoz Etxandi auto gidari elizondarrak Nafarroako mendi automobilismoko txapeldun suertatu da aurten junior mailan (25 urte arte) eta maila absolutuan. Joan den igandean, urtarrilaren 30ean jaso zituen garaikurrak Nafarroako Automobilismo Federazioak egindako sari banaketa ekitaldian.

Imanol Oskoz Etxandi auto gidari elizondarrak Nafarroako mendi automobilismoko txapeldun suertatu da aurten junior mailan (25 urte arte) eta maila absolutuan. Joan den igandean, urtarrilaren 30ean jaso zituen garaikurrak Nafarroako Automobilismo Federazioak egindako sari banaketa ekitaldian.

Imanol Oskozek 24 urte ditu eta 2007an hasi zen auto karreretan, urtebete lehenago trafiko istripuan hil zen Jon anaia gogoratuz. Izan ere, Jonek 2005ean Nafarroako mendiko automobilismo txapeldun izan zen 2005ean. Anaia ongi gogoan izateko, “Jon zu zara nere gidari” esaldia ageri da bere Peugeot 205 GTI autoaren aitzineko aldean.

Auto gidaria izateaz gain, azkeneko 5 urteotan mekaniko ari da Rectificados Tecnomotor enpresan. Eta enpresa hori da bere laguntzaileetako bat, Sagardiko Edariak, Industrias Pevi, Hiper Nafar Mendi, Baztangoiza Tailerrak, Carrocerias Mugaire eta Rotugrafikekin batera. Laguntza guziak ongi heldu dira, proba bakoitzean izen emateak 130 eta 245 euro arteko gastua baita. Horri, garraiorako gurdiaren alokairua, zirrikak, erregaia, bidaiak, gidari nahiz laguntzailearentzat aseguruak eta bertze hainbat gastu gehitu behar zaizkio. Halere, bere mekanika ezagupenei esker, Peugeot 205 GTI autoa berak prestatzen du etxean, zenbait lagunen laguntzarekin.

2009. urtetik, rallyetan Javier Arregi eramaten du laguntzaile eta berak aipatzen dizkio ibilbideko datuak eta erreferentziak. Rallyetako Nafarroako txapelketan, junior kategorian hirugarren izan dira Oskoz eta Arregi.

Mendiko igoeretan, halere, bakarrik ateratzen da Oskoz. 2011n, Salinas, Aia, Urbasa eta Urrakiko igoeretan parte hartu du eta bere kategorian irabazle izan da gehienetan.

2011koan txapeldun izan ondotik, martxoaren 4ean hasiko den denboraldi berriari begira dago, berriz ere garaile izateko helburuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun