Magnak Zilbetin egin gogo duen harrobirako tunel bat egiteko eskatu den herrilurren desafektazioaren aferean herri galdeketa egitea proposatu du Bilduk, urtarrilaren 31n egindako agerraldian.
Bilduk dioenez, “ikusirik Baztango Ezkerrak eta UPNek ez dutela beraiek parte izan ziren Batzar Nagusiko erabakia errespetatu nahi eta gaia erabakigune murritzago baterat eraman nahi dute” eta horregatik, erabakigunea zabaltzea eta handitzea proposatu du, “baztandar guztiengana hedatzea eta modu horretan erabakia artesa, hau da, herri galdeketa egitea”. Gainerakoan, eta horrela egiten ez bada, Kintoko Mankomunitateko batzorderat, “Batzar Nagusian alkate, juntero eta alderdi guztien parte hartzearekin birritan hartu zen erabakia eramanen dute.
Bilduren erranetan, afera honetan Baztango Ezkerraren erabakia “guztiz harrigarria da, ondarreko Batzar Nagusian bai Ezkerrakoek baita UPNekoek ere, idatziak sartuz, eztabaidetan eta bozketan parte hartuz praktikan Batzar Nagusiaren zilegitasuna aitortu baitzuten, eta harrigarriagoa dena, Ezkerrakoek Batzar Nagusiaren erabakia zein izanen ere, hura onartuko zutela publikoki erran baitzuten bileran”. Batzar Nagusiko kideei eta gai honetan lanean aritu direnei errespetu falta nabarmena salatu du Bilduk, “argi eta garbi alferreko lanetan kontu gaituzte”. Ezkerrakoen kasuan, “leialtasun falta larria” iruditzen zaio, “aia Batzar Nagusiaren bidez kudeatuko genuela adostuta, hainbertze hilabeteren ondotik, hitzartutakoa hautsi dutelako. Bistan denez, gobernu bat horrelako oinarriekin aski gauza zaila da”.
Nafarroako Gobernuak Magnaren eskariz Kintoko herri-lurren desjabetzarekin hasi dela eta, UONk eta Baztango Ezkerrak zergatik ez duten baztandar guztien ondarearen defentsaren alde egiten galdetzen du Bilduk.