Nafarroako Erresumako Babaren Erregearen koroatzea egin zen urtarrilaren 14an Amaiurko elizan. Jendetza bildu zen Xuban Zaldainen «kargu hartzean», eta bere armarrian ageri den bezala, Amaiurrek Nafarroako Erresumarekin leial izaten segitzen duela nabarmen gelditu zen. Muthiko Alaiak elkarteak bizirik mantentzen duen ohitura berritu zen Amaiurren, aurten 500 urte beteko baitira Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu zuela. Ekitaldi berezia eta ospetsua izan zen Amaiurko elizan egindakoa, Gaztelu abesbatzaren eta Ensemble de Chirimias-en kantuekin. Neska-mutikoek ere ederki egin zuten beraien lana eta Xubanek legeari eta ohiturari, foruei eta askatasunei zin egin zien, pro libertate patria, gens libera state, erranez. Aitzinetik, omenaldia eskaini zitzaien Amaiurko gazteluko oroitarrian Erresumako hondar defendatzaileei.