Magna enpresak Zilbetin egin gogo duen harrobi proiektuaz eztabaidatzeko eta tunela egin ahal izateko herrilurrak uzteko eskariaren inguruan Udalaren jarrera argitzeko, ez-ohiko udal batzarra eskatu du UPNk. Bere ustez, Udala da Kintoko Mankomunitateari dagozkion gaietan erabakitzeko ahalmena daukan erakundea, eta ez Batzar Orokorra.
UPNren erranetan, konpetentzia horren jakitun da udal korporazio osoa eta horrela nabarmentzen du alkatearen jokaerak ere, «Magnaren proiektuaren alegazioak udal batzarrak onartzeko aurkeztu baitzituen» irailaren 20ko udal batzarrean. «Ez du balio konpetentzia gehien interesatzen gaituen erakundeari ematea, komenentziaren arabera», dio UPNk.
Bilduren oharra
Bilduri, ordea, UPNren eskaera «Batzar Nagusiarekiko eta azken hilabeteotan gaia landu duen jendearekiko errespetu falta» iruditu zaio eta prozesuaren hasieran egin beharko lukeela. Eskaera ulertezina zaio Bilduri, Batzar Nagusiak gai honetan konpetentziarik ez duela erran eta UPNk Batzar Nagusira idatzia aurkeztu eta botazioan parte hartu zuelako.
UPNren intentzioa «bazterrak nahastea» dela uste du, «komunikabideetan behin eta berriz agertuz, Baztanendako proposamenak ekartzeko ezintasuna arintzeko asmoarekin». Ordenantza berrietan heldu dena azpimarratu du: «Batzar Nagusiak herri-lur guztien kontserbazio, defentsa, hobekuntza eta berreskuratzea zainduko du eta herri-lurrean kalteak eragiten ahal dituen edozein pribatizazio-saio nahiz ekintzaren aurka agertuko da». Juntakideek oinarrizko arau honetara lotu beharko luketeela dio Bilduk, baina «bistan denez, UPNren posizioak ordenantza hauen oinarriaren kontra egiten du».