‘Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da’ ikuskizuna eskainiko da uztailean Amaiurren eta abuztuan Maulen

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 26a

Urtarrilaren 25ean egin zen ‘Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da’ egitasmoaren aurkezpena. Juan Mari ONDIKOL

Pier Paul Berzaitz zuberotarrak zuzenduko du Amaiurko Gaztelu Elkartetik lantzen hasitako egitasmoa

AMAIUR 2012 “Haien ametsa gurea da” ikuskizuna eskainiko da uztailean Amaiurren eta abuztuan Maulen. Horren berri eman zuten urtarrilaren 25ean, asteazken arratsean Amaiurko Herriko Ostatuan egindako aurkezpenean.

AMAIUR 2012 “Haien ametsa gurea da” ikuskizuna eskainiko da uztailean Amaiurren eta abuztuan Maulen. Horren berri eman zuten urtarrilaren 25ean, asteazken arratsean Amaiurko Herriko Ostatuan egindako aurkezpenean.

Juan Mari Aleman Amaiurko Gaztelua elkarteko kideak eta Pier Paul Berzaitz artista sortzaileak ikuskizunaren xehetasunak eman zituzten. Beraiekin batera, Mirentxu Goienetxe aktorea eta Julian Rekalde Amaiurko alkatea izan ziren mahaian, Gaztelu Elkarteko bertze zenbait kiderekin batera.

Juan Mari Alemanek aipatu zuenez, ikuskizunak “dantza, antzerkia, musika, aziendak… uztartzen ditu eta historia kontatzeko bertze modu bat da”. Pastoralen antzera antzeztuko den proiektua Gaztelu Elkartetik lantzen hasi ziren, baina Baztango eta inguruko hainbat eragileren laguntza izan dutela aipatu zuen. Gaztelak Nafarroa konkistatu zueneko bosgarren mendeurrena gogoratuko duen ikuskizun artistiko-musikala uztailaren 20 eta 21ean eskainiko da Amaiurko gaztelu aitzinean eta abudo sarrerak salgai paratuko dituzte ticketmaster.es webgunearen bitartez. Sarrerak 12 eurotan egonen dira ekainaren 30era arte eta 15 eurotan uztailaren 1etik aitzinera. Abuztuan Maulen izanen da ikusgai.

Muskildiko Pier Paul Berzaitz zuzendariarentzat harrotasun handia da honelako lan batean aritzea. Izan ere, “Amaiur garrantzitsua da euskaldun batentzat, sinbolismoan sartu gabe ere. Amaiurren zerbait egitea Euskal Herriarentzat ere garrantzitsua da”.

Ideia Zuberoarat ere luzatu dute eta Berzaitzentzat miresgarria da, “inoiz egin ez den egitasmoa baita”. Mauleko elkarte bat ari da horretan lanean. “Horietako batzuk, Aragoitik espartinak egitera etorritako amonen ondorengoak dira. Istorio polita da. Aragoiko errege batek hartu zuen Nafarroa eta guk egiten dugu bertze gauza bat Aragoiko ondorengoekin”.

Ikuskizun bizi bat izanen dela ere azpimarratu zuen Berzaitzek, “Nafarroa bizi dela erakutsi nahi dugu, historia ere aipatu eta Nafarroaren Egunaren izpiritua atxikiz”.

Lau atal izanen ditu ikuskizunak: sufrimendua, erresistentzia, azken egunetako setioa eta gaur egungo Nafarroa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun