Hilabetero bezala, abenduan ere berripaper elektronikoa kaleratu du Bilduk, hainbat gai landuz.
Herri-lurretan baratzeak
Udalak herri-lurretan baratzeak egiteko ekimena paratu zuen joan den urte hondarrean martxan eta Bilduk jakinarazi duenez, 40 baztandarrek eskatu dute lurra, gehienak Elizondon baina bertze herrietan ere bai. Eskatzaile gehienek norbere hornikuntzarako omen dute, baina kontsumo-sareak sortu eta beraien lanbide izateko helburuarekin eskatu duenik ere ba omen da. Honekin lotuta, bertako haziak biltzeko azpibatzorde bat eratu da.
Zaborrak
Zaborren gaiaren harira, konpostagailuak eskatzeko deialdia ere egina du Udalak. Bilduk berripaperean dioenez, baserrietan bizi den jendearendako konpostagailu indibidualak eskainiko dira; eta Elizondon, BaztanBerri auzoko zenbait bizitza-blokerekin konpostagailu kolektiboen esperientzia-pilotua proposatuko da.
Almandozko harrobia
Almandozko harrobiaz ere ari dira berripaperean. Duela hiru urte inguru Atxa harrobiak ustiategia handitzeko prozesua abiatu zuen eta orain hilabete batzuk Nafarroako Gobernuaren baimena iritsi zen. Horren arabera, Batzar Nagusiak bere erabakia hartu behar du.
Bilduren irudiko, «Baztango pistetarako zaborrak eta hainbat lanetako legarrak bertatik ateratzen dira, hortaz, bailararendako beharrezkoa da». Alta, Almandozko herriari galdetuta, harrobia haunditzearen aurka agertu zen batzarrea joan den abenduan. «Herritarrekin oraino ere akordio baterat iristeko aukerak» daudela uste du Bilduk, eta azken erabakia ondoko Batzar Nagusirako utziko dela adierazi du. Gaineratu duenez, «horretarako batzorde bat eratuko dugu herritarrekin eta enpresarekin akordio bat egin, hori herriko batzarrerat aurkezteko».
Diru kontuak
Diru kontuez ere mintzo da Bildu. Nafarroako Gobernuaren murrizketak tarteko, Gobernuak ez dizkio gastu arruntetarako aitzinetik hitzartutako 54.904 euro emanen Udalari. Horrez gain, azaroko uholdeen premiazko lanak egiteko Udalak lau urteko planean sartutako 2012rako hainbat proiektu bertan behera utzi beharko dituela erran du Bilduk. Uholdeek eragindako kalteen lanak 150.000 eurokoak direla dio eta Gobernuak 52.000 euro agindu dituenez, Almandozko zeharbideko eta Zigako hilerria handitzeko lanak gibeleratu beharko direla adierazi du.
Aitzineko Udalak NELS Nafarroako toki entitateen iraunkortasunerako saretik ateratzeko erabakia hartuagatik, azken osoko bilkuran sare horretan segitzea erabaki zela ere jakinarazi du Bilduk. Sarean segituz, «Baztango eraikin publikoetan eta kale argiterian energia kontsumoa aurrezteko auditoria egiteko dirulaguntza jasotzea» da Bilduren helburua. Auditoriak 54.000 euroko aurrekontua izanen luke eta Udalak horietatik 13.000 euro ordaindu beharko omen lituzke, eta gainerakoa, behin hitzarmena eginda, NELS-en laguntzarekin ordainduko omen da.
Energia aurrezteko planarekin 20.000 euro aurrez daitezkeela kalkulatu da.
Udal igerilekua
Giltxaurdi udal igerilekuan kudeaketa publikoa egitearen aldekoa da Bildu eta helburu horrekin, aholkulari juridikoekin solastu eta lan-egutegia finkatu dutela dio: «Udaberrirako kirol instalakuntzen kudeaketa enpresa publiko baten bidez egin ahal izatea espero dugu».