«Baztanen gaur egun argiteria publikoaren gastua guti goitibeheiti 220.000 eurokoa dela eta kale batzuk sobera argiturik daudela ikusita», herrietako alkate eta kargodunekin elkarlanean, argiteria publikoa berregituratzea erabaki du Udalak. Helburua, «argiteria publiko logiko, eraginkor eta arduratsua» bilatzea dela adierazi du Mikel Ortega zinegotziak ohar bidez, «baztandarrentzako sekulako zama den gastu arrunta jeitsi bidenabar». Baztan guztian paratuko da martxan ekimena, Elizondon hasita, «bertan egiten delakoz kontsumo eta energia xahutze haundiena», dio oharrak, baita Baztan Berri auzoa eta Santiago karrikak «horren adibide garbiak», direla ere.
Argi itzalketak, potentzia ajustatzeak eta fotozelulen erregulatzeak eginen dira hasieran, eta ondotik, udal eraikinen auditoriak eta inbertsioak, bigarren hauek dirulaguntzen arabera.
Aldaketak «behin behinekoak» izanen dira eta «beharra ikusten bada, aldaketa gehiago» egitea ez du baztertu Udalak.