LAB sindikatuak Arraiozko Nafar-Mendi supermerkatuan “gertatzen ari diren gertaera larri batzuen berri” eman du prentsa-ohar baten bidez. Merkataritza gune honen kontra deus ez dutela eta kontrako kanpainarik ez dutela burutu nahi garbi utzi du LABek, baina 2010eko ekainean 50 langilerekin zabaldu zenetik gaur egunera arte “langileen kaleratzeak, irainak eta tratu txarra bere zentzurik zabalenean eguneroko ogia” direla dio sindikatuak eta enpresako nagusia jo du erantzuletzat.
Kaleratzeei dagokienez, urte eta erdi honetan “20-25 bat langile kaleratu dira, kaleratze indibidual batekin, gehienak modu hagitz txarrean, inolako erregulazio espediente edota antzeko neurririk aplikatu gabe”, jakinarazi du LABek.
LABen salaketa urrunago doa eta “langile batzuei antsietateak eta antzeko patologiak aurkitu dizkiete medikuek, denak lanari lotuak daudenak eta bertan jasaten duten jazarpen laborala dela medio”. Gaur egunean, jazarpen hori dela medio, “badaude langileak baja egoeran daudenak, depresioa eta antzeko patologiak diagnostikatu zaizkie”, LABen erranetan.
Sindikatuak oharrean dioenez, “langileen aurkako mehatxu, irain eta eraso fisikoengatik nagusiaren kontra salaketa ezberdinak paratu dira bai Polizia Foralean, baita lan auzitegian ere”.
Honelako gertaerak Nafar-Mendi supermerkatutik eta gertatzen diren toki orotatik desagertarazteko bere esku dagoen guzia eginen duela aipatu du LABek, “ez dugulako utziko inongo nagusirik langileekiko horrelako jarrerarik izatea”.
Horrelako gertaerak jasaten dituzten langileei egoera segituan salatzeko erran die LABek, “nagusi hauek inpunitaterik izan ez dezaten eta gure esku ditugun tresnekin jarrea hauei aurre egiteko”.