Magna enpresak Zilbetin egin gogo duen harrobi proiektuaz eztabaidatzeko eta tunela egin ahal izateko herrilurrak uzteko eskariaren inguruan Udalaren jarrera argitzeko ez-ohiko udal batzarra eskatu du Baztango UPNk. UPNko udal taldearen ustez, Baztango Udala da Kintoako Mankumunitateari dagozkion gaietan erabakitzeko ahalmena daukan erakundea, eta ez Batzar Orokorra.
UPNren erranetan, konpetentzia horren jakitun da udal korporazio osoa eta horrela nabarmentzen du alkatearen jokaerak ere, “Magnaren proiektuaren alegazioak udal batzarrak onartzeko aurketu baitzituen” irailaren 20ko udal batzarrean. “Ez du balio konpetentzia gehien interesatzen gaituen erakundeari ematea, komenentziaren arabera”, dio UPNk.
Bilduren erantzuna
UPNren eskaera “Batzar Nagusiarekiko eta azken hilabete hauetan gaia landu duen jendearekiko errespetu falta” iruditu zaio Bilduri eta prozesuaren hasieran egin beharko lukeela. Eskaera ulertezina zaio Bilduri, Batzar Nagusiak gai honetan konpetentziarik ez duela erran eta UPNk batzar nagusira idatzi bat aurkeztu eta botazioan parte hartu zuelako.
UPNren intentzioa “bazterrak nahastea” dela uste du Bilduk, “komunikabideetan behin eta berriz agertuz, Baztanendako proposamenak ekartzeko ezintasuna arintzeko asmoarekin”.
Honen harira, Baztango ordenantza berrietan heldu dena azpimarratu du Bilduk: “Batzar Nagusiak herri-lur guztien kontserbazio, defentsa, hobekuntza eta berreskuratzea zainduko du eta herri-lurrean kalteak eragiten ahal dituen edozein pribatizazio- saio nahiz ekintzaren aurka agertuko da". Juntakideak oinarrizko arau honetara lotu beharko zirela uste du Bilduk, baina, “bistan denez, UPNren posizioak ordenantza hauen oinarriaren kontra egiten du”.