Baztanen kokapena eta historia dela-eta, Europako leinu genetiko zaharrenetakoen balizko gordetegia izan daiteke bailara. Hipotesi hori baieztatzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Biomics Ikerketa Taldea bi aldiz etorri zen inguruko osasun zentroetara, bizilagunen laguntza eskatu eta beraien familien leinuen ikerketa genetikoa egin asmoz.
Ikerketa horren emaitzen berri jakiteko, Biomics taldeak solasaldia eskainiko du urtarrilaren 19an, 19:30etik aitzinera, Balleko Etxearen ondoan dagoen kontzertu-aretoan. Bai Baztango Osasun zentroek, baita bizilagunek emandako laguntza eskertzeko, herritar guziei gonbidapena egin diete. Ikerketaren inguruko azalpenak emanen dituzte batzarrean, baina Biomics taldetik pozez aitzindu dutenez, “Baztango leinuek arras aitzinako historia baten berri ematen digute”.