Elizondoko San Anton egunean zozketatutako aretzea Izpegira joanen da

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 18a

Hotza uxatzeko 50 litro baztanzopa egin zituen Xaldubik. Alicia Del Castillo

Gaineko Bentako Juan Maia Martikorenak lortu zuen lehen saria

San Anton Eguna ospatu zen urtarrilaren 17an Elizondon eta 1867. urtetik egiten den ohiturari eutsiz, Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen aldeko zozketa ere egin zen. Lehenbiziko saria, Aspina elkarteak eta Balleko Udalak erdibana ordaindutako aretzea, Izpegiko Gaineko Bentako nagusietako batendako izan zen, Juan Maia Martikorenarendako.

San Anton Eguna ospatu zen urtarrilaren 17an Elizondon eta 1867. urtetik egiten den ohiturari eutsiz, Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen aldeko zozketa ere egin zen. Lehenbiziko saria, Aspina elkarteak eta Balleko Udalak erdibana ordaindutako aretzea, Izpegiko Gaineko Bentako nagusietako batendako izan zen, Juan Maia Martikorenarendako.

Eguerdiko 13:00etan, bi neskatikok eta bi mutikok atera zituzten zenbaki saridunak. Elizondoko Aroa Uteaga, Ibai Irungarai eta Unai Bertiz eta Elbeteko Itxaso Iturregi izan dira aurtengoan bolak ateratzeko arduradunak, Garbiñe Elizegi alkateak zakua kontzen zien bitartean. Lehen saria ateratzea kosta zen, izan ere, lehenik atera zen zenbakia, 7.143a, saldu gabe zegoen. Beraz, zozketa errepikatu eta 10.612 zenbakiari egokitu zitzaion aretzea. Izpegiko Gaineko Bentan saldua zegoen, hain zuzen nagusietako batek, Juan Maia Martikorenak urtero hartzen dituen hamar zenbakietako bat.

Bigarren saria, zerri eder bat, Arkupe gozotegian edo plazan saldu zen 9.476 zenbakiarendako izan zen. Hirugarren saria, bi bildotsa, Baztan Ferreterian saldutako 5.660 zenbakiarendako eta laugarren saria, magra bat, Txokoton saldu gabe gelditu ondotik, albinteek plazan saldu zuten 3.873 zenbakiarendako.

Krisiaren eraginagatik edo, aurten txartel gutiago saldu dira, baina halere 8.000 euro inguru bildu izanen dira Zahar Etxearendako. Zozketaz gain, Jose Mari Zelaieta Xaldubik 50 bat litro baztanzopa prestatu zituen eta Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Xabier Maia bertsotan aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun