Dinamizazioaz eta turismoaz enplegu-tailerra lantzen ari dira

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 17a

Enplegu-tailerrean parte hartzen ari direnak. Utzitako argazkia

Azaroan hasi eta apirilera bitarte ari dira 15 lagun

Komunitate-dinamizazioari eta turismoa suspertzeari buruzko enplegu-tailerra lantzen ari dira Donezteben. Enplegu-tailerra azaroan hasi zen, eta 2012ko apirilera arte luzatuko da. Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez bultzatutako eta finantzatutako prestakuntza eta enplegu-tailerra da, Cederna Garalur Elkarteak sustatua, eta Espainiako En­plegu Zerbitzu publikoaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioarekin. Bidasoako lau toki-erakundek babesten dute (Doneztebe, Lesaka, Baz­tan eta Bera), eta Pres­takuntzarako, Birziklapenerako eta Enplegurako Nafarroako Institutuko Sustapen eta Garapen Unitatearen aholkularitza teknikoa du.

Eremuko 15 lagun prestatzen ari dira komunitate-dinamizazioaren eta turismoa suspertzearen inguruan. Asmoa da, prestakun­tza bukatzerakoan, gai izatea kultura eta turismo-proiektuak dinamizatzeko eta kudeatzeko, eta aukera izatea lan-merkatuan txerta­tzeko turismo eta kultura lantzen dituzten enpresen edota toki-erakundeen bitartez.

Prestakuntzak iraunen dituen sei hilabete horietan, enplegu-tailerreko ikasleek zenbait prestakuntza ikagai jasoko dute, hala nola Komunitatearen dinamizazioa( Metodologia, teknikak eta tresnak, elkarteei sostengua, eta turismoa suspertzea (turismoa suspertzeko proiektuak, aisia-egoeratan daudenen artean taldeak sortzea eta dinamizatzea, jolas-jarduerak eta jarduera fisikoak eta ludikoak turismo-animazioan, eta tailerrak eta kultur jarduerak turismoa eta jolasak suspertzeko).

Parte hartzen ari diren ikasleek praktikak eginen dituzte hainbat erakunde, elkarte, eta abarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun