Zilbetiko harrobiaren alde eta kontrako iritziak plazaratzen ari dira asteotan

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 17a

Ehun bat lagun bildu ziren abenduaren 24ean Erdiz Bizirik deitutako elkarretaratzean. Juan Mari Ondikol

Urtarrilaren 2ko Batzar Orokorrean 17 batzarkide herrilurrak desjabetzearen kontra azaldu ziren eta 13 alde

Magna enpresak Zilbetin egin gogo duen ha­rrobiak zer erran aunitz sortu du eta sortuko du. Urtarrilaren 2ko Batzar Orokorrean Kintoako 1.600 metro koadro he­rrilurren desjabetzeaz aritu ziren berriz ere, ingu­ru horretan tunela egiteko asmoa baitu Magnak, kamioiak Zilbetitik ez pasatzeko. 17 batzarkide (Bilduko 5 zinego­tziak eta 12 herrietako alkate eta kuarteleko ordezkari) desjabetzearen kontra agertu ziren berriz ere eta bertze 13 (UPNko 5 zinegotzi, Baztango Ezkerrako 2 eta 6 alkate eta kuarteleko ordezkari) desjabetzearen alde. Abstentzio bat ere izan zen. NaBaiko zinegotzia ez zen batzarrean izan, bai ordea Magnako 8 langile baztanda­rrak eta proiektuaren kontrako taldeetako partaideak ere.

 

Erdiz Bizirik kontra

«Magnak Zilbetiko An­tzerin egin nahi duen harrobia Erdizen egin nahi duenarekin estuki lotua dago. Alde batetik, Antzerikoaren memorian, egitasmo hau Erdizen muturra berriz sartu artekoa bertzerik ez dela izanen diotelako. Ber­tzetik, Antzeri, Erdizen gisa, Aldude Mendi izeneko Zainketa Bereziko Eremuan dagoelako». Halaxe adierazi du Erdiz Bizirik plataformak. An­tzeri­koa­ren tramitazio prozedura, herri-lu­rren des­jabe­tzea eta Baztango zenbait alderdiren ja­rrera «aski kontu larriak» direla uste du.

Antzeri­ko proiektua zela eta, Erdiz Bizirik-ek Zilbetiko Aldude Mendi Koordinakundearekin, Udalez Gain­diko Plan Sekto­riala­ren aurkako alegazioak bildu zituen he­rri­tarren artean. Gobernuak baz­ter­tu egin zituen eta gaia adminis­tra­zioarekiko auzi epaite­gian dago.

Bitartean, Antzeriko proiektua egiteko eta materiala garraiatzeko Magnak Zilbetin tunela egite­ko pausuak eman dituela salatu du Erdiz Bi­zirik-ek. Tunel horretarako Kintoko he­rri-lurretan 1.600 metro koadroko eremua desa­fektatu nahi zuten, baina Udalak Batzar Na­gu­sian erabakitakoarekin, Kintoko Man­ko­mu­nitatean baimena ema­t­earen aurka egin zuen. Magnak, bere aldetik, Kintoko lur horiek desja­be­tzeko eskatu omen dio Gobernuari, eta hori­ «au­rre­kari larri­tzat» jo du­te Erdiz Bizirik-en. «He­rri­ko erakundeei hitza kendu bidenabar, herri-lu­rrak desjabetu nahi dituzte. Eta tokiko erakundeen eskumenak eta he­rri-lurrak defendatu beharrean UPN, PSN eta Ezkerra proiektuaren alde agertu direla» kritikatu du taldeak. Aipatzekoa da zenbait herrietako batzarretan desafekzioaren gaia aztertu dutela. Almandoz, Ziga, Berroeta, Azpilkueta eta Oronoz-Mugairi desjabetzearen alde agertu dira eta Anizen kontra.

Erdiz Bizirik Plataformak gaineratu duenez, «komunalak kendu eta enpresa priba­tu baten eskuetan utzi­ nahi dituzte, bazter guz­tiak xe­hatzeko». Erdiz 91 nekazarik erabiltzen dutela ere azaldu du: «ur­te­­ro 406 behik, 229 zaldi-behorrek eta 611 ardik alatzen dute ber­tan­­». Hain zuzen, Komunalen defen­tsan: ez PSISIk ezta desjabetzarik ere; Erdiz Bizirik! lelopean elkarretara­tzea egin zen abenduaren 24rako Elizondon.

 

NaBai ere Magnaren egitasmoaren alde

NaBai taldeak ohar bidez jakinarazi du, bere garaian egitasmoaren alde agertu zela eta orain­ ere Magnak Zilbetin egin nahi duen egitasmoa babesten duela: «Zilbetiko kontzejuko eta Erro eta Esteribarko bizilagun eta instituzioendako interes orokorrekoa delako», adierazi du NaBaik, eta gaineratu du «gure balle­ra­ko eta hemen lan bila dabiltzanendako onura­garria delako».

NaBairen erranetan, «Magnaren meategi pro­iektuak Zilbetiko eta Erroko bizilagunen eta Esteribarko udalbatzaren (kontrako botorik gabe) babes osoa dauka, baita enpresa horretan ari diren Baztango langileena ere».

NaBai bezalaxe, UPN eta udal gobernu taldean Bildurekin batera lanean ari den Baztango Ezkerra ere proiektuaren alde agertu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun