Pedro Mari Esarte Muniain historialari eta idazle elizondarrak El contrabando en Baztan contado por sus protagonistas izeneko liburua argitaratu du. Bere lan literario mardulari gehitzen zaion lan hau, beharbada idazlanik pertsonalena da, bera ere kontrabando lanetan aritutakoa baita, «urtetan Baztango industriarik handiena izan zena». Liburuak, irudiz eta argazkiz ongi hornitutako 183 orrialde ditu, eta Pamiela argitaletxeak argitaratu du. Abenduaren 16an, Arizkunenea Kultur Etxeko sabaian egindako aurkezpen ekitaldian, egilearekin batera, Vicente Ballarena, Maitane Maritorena zinegotzia eta Ana Larruy kultur teknikaria izan ziren. Kontrabandoarekin lotutako hainbat anekdota eta kontakizun azaldu ziren, bere garaian muga, jendea eta herriak bereizten zituen lerroa baino gehiago, eskura zegoen negozioa izan baitzen baztandar aunitzentzat.