Nafarroako konkistaren 500. urtemugan hainbat ekitaldi eginen dira Amaiurren

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 17a

Fabaren Errege-Erreginaren aukeraketan parte hartu zuten neska-mutikoak. Juan Mari Ondikol

Uztailean ikuskizun artistiko-musikala eginen da

Fernando Katolikoa Aragoiko erregeak Nafarroa konkistatu zuenetik, 500 urte beteko dira aurten. Amaiurko gaztelua izan zen independentziaren aldeko gerra horren azken lekukoetako bat eta gaur egun ere, Amaiur eta bere gaztelua sinboloak dira herriaren memorian. Bide horretan, Amaiur­ko Gaztelu Elkar­teak, amaiurtarrek eta ber­tze baztandarrek urteak daramatzate historia berreskuratu nahian.

500. urteurren hori gogoan, urte hau berezia izanen da. Abendu hondarrean eta urtarril hasieran hitzaldiak antolatu ziren Fabaren erre­gearen eta Azpilkuetarren familiaren inguruan. Aipatzekoa da Mu­thiko Alaiak elkarteak egiten duen Fabaren Erre­gearen aukeraketa Amaiuren egin zela abenduaren 17an eta erroskoaren barnean zegoen baba Xuban Zaldain Arribillaga amaiurtarrari suertatu zitzaionez, bera izendatuko dute larunbat honetan.

Iragarri duten ber­tze ekimenetako bat uztailean eginen den ikuskizuna izanen da. Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean ikuskizun artistiko-musikala pres­tatzen ari dira uztai­laren 20 eta 21erako. Amaiurko gaztelu aitzinean eginen da eta dagoeneko ikuskizun honetako sarrerak salgai paratu dituzte. Sarrerak 12 eurotan egonen dira ekainaren 30era arte eta 15 eurotan uztailaren 1etik aitzinera.

Bertzalde, liburuxkan publizitatea egiteko aukera ere eskainiko da en­presendako eta jardueretarako. 60 euroko A bonoarekin bortz sa­rre­ra izanen dira; 120 euroko B bonoarekin hamar sarrera; 240 euroko C bonoarekin hogei sarrera eta 600 euroko D bo­noa­rekin 50 sarrera. Ha­rremane­ta­rako edo eskaerak egiteko idatzi helbide honetara: amaiur­2012@ hotmail.­com.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun