Nafarroako euskarazko hedabideak

Gobernuak ez duela laguntzen diote herrietako alkate eta kuarteletako juntakideek

TTIPI TTAPA 2012ko urt. 17a, 10:07

Herrietako alkateak eta kuarteletako juntakideak kexu agertu dira Gobernuarekin. Juan Mari Ondikol

Bertze gauzen artean, euskarazko hedabideen diskriminazioa salatu dute

Baztanek eta oroko­rrean, eskualde osoak Nafarroako Gobernuaren eskutik jasaten duen diskriminazioa salatu zuten abenduaren 29an herrietako alkateek eta lau kuarteletako juntakideek. Ber­tze arra­zoien artean, azken uholdeen ondotik hondamendi-eremu izendatu ez zelako arrenkura azaldu dute, baina he­rriei ematen zaien diru-sailen murrizketagatik eta euskarazko komunikabideei egiten zaien diskriminazioagatik ere kexu agertu dira.

Herrietako alkateek eta kuarteletako juntakideek gogorarazi dutenez, Baztan da Nafa­rroan eremu geografiko handiena hartzen duen herria eta hain sakabanatua dagoen populazioaren beharrak ase­tzeko zailtasun handia ekartzen du horrek.

Azaroaren 6ko uholdeek kalte handiak egin zituen Baztanen, azpiegiturei eta zerbitzu publikoei 150.000 euro ingu­ruko gastua sortuz. Arlo pribatuan izandako kalteak gehitu beharko ziren. Hala ere, Nafarroako Gobernuak ez zuen hondamendi eremutzat hartu eta horregatik, 100.000 euro baztanda­rrek ordaindu beharko dituzte beren sakelatik. «Gauza bera Erriberan gerta­tu izan balitz, berdin jokatuko ote luke Gobernuak?» galdegin dute.

Herriei bideratutako diru-sailen murrizketengatik ere arrenkura agertu dute, «ohiko kudeaketari ez ezik, uholdeen ondorioei ere aurre egin beharko diegu eta oinarrizko beharrak asetzeko baliabide ekonomikoak eskastuko zaizkigu». Modu berean, saihesbidea «oraindik akitu gabe fite irekiko» dela gogoratu dute, Lekarozko altuerako pasabidea eta Elizondoko sarbideko zubia egin gabe daudelako.

Honi guztiari gaineratuz, osasun eta hez­kuntza arloetan izandako murrizketak eta euskarazko komunikabideek sufritzen duten «diskriminazioa» ere salatu dute. «Gazteleraz ari diren hedabideek lizen­tzia lortzeko arazorik ez duten bitartean eta milioitako dirulaguntzak hartzen dituzten bitartean, hurbilen ditugun Xaloa, Xorroxin eta Ttipi-Ttapari lehendik eskasak ziren laguntzak ukatzen zaizkie». Hau, Baztan eta baztanda­rrentzat errespetu falta handia dela uste dute alkate eta juntakideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun