Fernando Katolikoa Aragoiko erregeak Nafarroa konkistatu zuenetik, 500 urte beteko dira aurten. Amaiurko gaztelua izan zen independentziaren aldeko gerra horren azken lekukoetako bat eta gaur egun ere, Amaiur eta bere gaztelua sinboloak dira herriaren memorian. Bide horretan, Amaiurko Gaztelu Elkarteak, amaiurtarrek eta bertze baztandarrek urteak daramatzate historia berreskuratu nahian.
Fabaren Erregearen koroatzea larunbatean
500. urteurren hori gogoan, urte hau berezia izanen da. Abendu hondarrean eta urtarril hasieran hitzaldiak antolatu ziren Fabaren erregearen eta Azpilkuetarren familiaren inguruan. Aipatzekoa da Muthiko Alaiak elkarteak egiten duen Fabaren Erregearen aukeraketa Amaiurren egin zela abenduaren 17an eta erroskoaren barnean zegoen baba Xuban Zaldain Arribillaga amaiurtarrari suertatu zitzaionez, bera koroatuko dute Fabaren Errege larunbat honetan, urtarrilaren 14ean.
Baztango bertze 30 haurrek lagunduko dute Xuban Nafarroako Erresumako koroa janzterakoan. Hor egonen dira Nafarroako Errege (Patxi Urrutia), Nafarroako Erregina (Miren Garmendia) eta Bianako Printzea (Joseba Aleman). Pregoilaria, goizean Zugarramurdin eta Arizkunen ibili ondoren, Amaiurko karrikan pregoia botako du. 18:00etan Erdi Aroko antzezpena eginen da. Ondotik, Amaiurko gaztelu zaharretik eta baselizatik desfilea abiatuko da, egun horretarako karrika apaindua gurutzatuz eta 19:00etan, koroazioa burutuko da.
Uztailean ikuskizuna
Iragarri duten bertze ekimenetako bat uztailean eginen den ikuskizuna izanen da. Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean ikuskizun artistiko-musikala prestatzen ari dira uztailaren 20 eta 21erako. Amaiurko gaztelu aitzinean eginen da eta dagoeneko ikuskizun honetako sarrerak salgai paratu dituzte. Sarrerak 12 eurotan egonen dira ekainaren 30era arte eta 15 eurotan uztailaren 1etik aitzinera.
Bertzalde, liburuxkan publizitatea egiteko aukera ere eskainiko da enpresendako eta jardueretarako. 60 euroko A bonoarekin bortz sarrera izanen dira; 120 euroko B bonoarekin hamar sarrera; 240 euroko C bonoarekin hogei sarrera eta 600 euroko D bonoarekin 50 sarrera. Harremanetarako edo eskaerak egiteko idatzi helbide honetara: amaiur2012@ hotmail.com.