Nafarroako euskarazko hedabideak

Nafarroako Gobernuak ez duela laguntzen salatu dute Baztango herrietako alkateek eta kuarteletako juntakideek

TTIPI TTAPA 2011ko abe. 30a, 14:42

Nafarroako Gobernutik jasaten duten diskriminazioa salatu dute Baztango herrietako alkateek eta kuarteletako juntakideek. Juan Mari Ondikol

Uholdeen ondotik hondamendi eremu ez izendatzea eta herriei bideratutako diru-sailak murriztea kritikatu dute

Baztan bailarak eta orokorrean, eskualde osoak Nafarroako Gobernuaren eskutik jasaten duen diskriminazioa salatu zuen abenduaren 29an Baztango herrietako alkateek eta lau administrazio kuarteletako juntakideek. Bertze arrazoien artean, azken uholdeen ondotik eskualdea hondamendi-eremu izendatu ez zelako arrenkura azaldu dute, baina herriei ematen zaien diru-sailen murrizketagatik eta euskarazko komunikabideei egiten zaien diskriminazioagatik ere kexu azaldu dira.

Baztan bailarak eta orokorrean, eskualde osoak Nafarroako Gobernuaren eskutik jasaten duen diskriminazioa salatu zuen abenduaren 29an Baztango herrietako alkateek eta lau administrazio kuarteletako juntakideek. Bertze arrazoien artean, azken uholdeen ondotik eskualdea hondamendi-eremu izendatu ez zelako arrenkura azaldu dute, baina herriei ematen zaien diru-sailen murrizketagatik eta euskarazko komunikabideei egiten zaien diskriminazioagatik ere kexu agertu dira.

Herrietako alkateek eta kuarteletako juntakideek gogorarazi dutenez, Baztan da Nafarroan eremu geografiko handiena hartzen duen herria eta hain sakabanatua dagoen populazioaren beharrak behar bezala asetzeko zailtasun handia suposatzen du horrek.

Joan den azaroaren 6ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten Baztanen, azpiegiturei eta zerbitzu publikoei eraginez eta 150.000 euro inguruko gastua sortuz. Arlo pribatuan izandako kalteak gehitu beharko litzaieke hauei. Halere, Nafarroako Gobernuak ez zuen hondamendi eremutzat hartu eta horregatik, 100.000 euro baztandarrek eurek ordaindu beharko dituzte beren sakelatik. “Gauza bera Erriberan gertatu izan balitz, berdin jokatuko luke Gobernuak” galdegiten dute.

Herriei bideratutako diru-sailen murrizketengatik ere arrenkura agertu dute, “ohiko kudeaketari ez ezik, uholdeen ondorioei ere aurre egin beharko diegu eta oinarrizko beharrak asetzeko baliabide ekonomikoak eskastuko zaizkigu”. Modu berean, saihesbidea “oraindik akitu gabe” fite irekiko dela gogoratu dute, Lekarozko altuerako pasabidea eta Elizondoko sarbideko zubia egin gabe daudelako.

Honi guziari gaineratuz, osasun eta hezkuntza arloetan izandako murrizketak eta euskarazko komunikabideek jasaten duten “diskriminazioa” ere salatu dute. “Gazteleraz ari diren hedabideek lizentzia lortzeko arazorik ez duten bitartean eta milioietako dirulaguntzak jasotzen dituzten bitartean, hurbilen ditugun Xaloa Telebista, Xorroxin Irratia eta Ttipi-Ttapari lehendik eskasak ziren laguntzak ukatzen zaizkie”. Hau, Baztan eta baztandarrentzat errespetu falta handia dela uste dute alkate eta juntakideek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun