Abenduaren 17an egindako batzarrean, Elizondoko bizilagunak Txokotoko presa eta zubia berdin mantentzearen alde agertu dira. Izan ere, garai bateko errotaren presa eta Txokoto auzoa eta herrigunea lotzen dituen Minuartea edo Antxitoneako zubia, moldaketa ttiki batzuk gorabehera, eraiki zirenetik berdin mantendu dira eta halaxe segitzea eskatu zuten elizondarrek.
Izan ere, azaroaren 7ko uholdeen ondorioz, Ríos con Vida de Navarra elkarteko Jorge Tenientek idatzia igorri zuen Fiskaltza Orokororrera, zubiak eta presak arriskua sortzen dutela eta bi azpiegitura hauetan berriki egindako lanetan, herriko eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuko agintariek afera honetan utzikeriaz jokatu dutela salatuz.
Hain zuzen, erreka inguruan bizi diren bizilagunek ez dute berdin pentsatzen. Horietako batek, Fermin Fernandezek aipatu zuenez, honelako ikamikarik ez da herrian eta presaren eta zubiaren egoera historikoa aldatzearen kontra azaldu zen.
Kontrabandistari monumentoa
Bertze gaien artean, Iturri-Ederra plazan, Santiago elizarem parean, kontrabandistari eskainitako monumento bat ezartzearen alde agertu zen batzarra. Monumentoa finantzatzen lagunduko du Pedro Mari Esarte historialariak, berriki gai honen inguruko liburua argitara berri eman duenak. Herritarrek kontrabandistei errekonozimendua azaldu zieten, Baztango historian “lanbide” garrantzitsua izan delakoan.