Euskadiko lauko sokatira txapelketaren azken saioa jokatuko da abenduaren 17an, larunbat arratsaldeko 17:00etatik aitzinera Bizkaiako Arrakundiagako plazan. Emakumezkoen 260 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko finalak jokatuko dira eta azken honetan, Amaiurrek bi talde sartu ditu.
Abenduaren 4ean jokatu zen bi kategoria hauetako sailkapeneko bigarren jardunaldia Berriozarren eta han erabaki ziren finalerako txartelak.
Gizonezkoen 300 kiloko kategorian, Bizkaiako Arrigorriagako Sokarri A eta B, Amaiur A eta B, Ibarra A (Gipuzkoa) eta Abadiño B (Bizkaia) sailkatu dira.
Emakumezkoen 260 kilokoan, berriz, Gasteizko Badaiotz B eta A, Sakana, Ibarra A eta B (Gipuzkoa) eta Berriozar sailkatu dira finalerako.
Nafarroako zortzinakako txapelketan txapel guziak jantzi ondotik gogotsu joanen dira Amaiurko bi taldeak Arrakundiagara txapelaren bila. Nafarroa eta Euskadiko txapelketak akituta, otsailean Eskozian jokatuko den Munduko txapelketarako buru-belarri prestatzen segituko dute.