Abenduaren 17an, larunbatarekin, 2012ko fabaren erregea edo erreginaren aukeratzea izanen da Amaiurren. Herriko Ostatuan, Gaztelu elkarteko lokalean, 12 mutiko eta neskatikoen artean eginen da aukeratzea.
Horietako batzuk amaiurtarrak eta bertzeak Baztango gainerako herrietakoak dira: Imanol Etulain Irigoien (Aniz); Sarai Maritorena Etxenike (Berroeta); Miren Goienetxe (Elbete); Hasier Plaza Martínez (Lekaroz); Garazi Iriarte Goienetxe (Arizkun); Xuban Zaldain Arribillaga (Amaiur); Suchy Elías Selguera (Amaiur); Naiara Zaldain Arribillaga (Amaiur); Maider Rekalde Organbide (Amaiur); Jokin Beika Pagazaurtundua (Amaiur); Imanol Maisterrena Larregi (Amaiur); Aritz Maisterrena Larregi (Amaiur).
Besta hau, Nafarroako Erresumako ohitura zen eta Iruñako “Muthiko Alaiak” elkarteak, duela 49 urte berreskuratu zuen, nahiz eta jadanik, lehenago, elkarte barnean egiten zen. Geroztik, elkartetik atera eta urtero Nafarroako herri ezberdinetan ospatzen da. Azkenekoa Artaxonan izan zen.
Haurraren aukeratzea, ekitaldi xumea eta guttien artean egiten da eta koroatzearen bestaren aitzineko ekitaldia izaten da. Aukeratutako haurraren koroatzeko ekitaldia, 2012ko urtarrilaren 14ean, Amaiurren berean izanen da.
Amaiurko alkatea den Julian Rekaldek ekingo dio ekitaldiari eta, bigarrenik, “Muthiko Alaiak” taldeko kide batek hitz batzuk erranen ditu. Ondotik, Fernando Hualde, duela urte batzuk geroztik koroatze egunean arma errege papera hartzen duenak, bestaren arrazoia azalduko du, batez ere erregea edo erregina aukeratzeari dagokiona. Bideo labur bat ikusiz gero, erroskoaren banaketari ekinen zaio eta zein mutiko edo neskatikori egokituko zaion errege edo erregina papera ezagutuko da.
Honen harira, dokumentazio ugari eta komiki bat banatu da eskoletako haurrak, beraien familiak eta gainerako baztandarrak besta hunen inguruan jakin dezaten. Elizondon, bestaren inguruko argazkien erakusketa egonen da plazako eraikin berrian eta Nafarroako Erresuma gaitzat izanen duen hitzaldi zikloa ere antolatu da Arizkuneneako sabaian.