Abizenak euskal grafiaz paratzeko deia egin du Euskara Batzordeak

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 14a

Haurrak euskaraz inskribatzea ere bultzatu nahi da

Celayeta, Echeve­rria, Echenique, Irigoyen, Jauregui... Berez euskal abizenak diren baina aunitzetan gaztelaniaz idazten direnak euskal grafiaz paratzeko kanpaina eginen du Euskara Batzordeak. Aldi berean, haurrak euskaraz inskribatzeko kanpaina ere izanen da.

Abizenak euskal grafiaz paratzeko erregis­tro zibilerat joan eta abizena euskal grafiaz paratu nahi dela erratea nahikoa dela adierazi du Euskara Batzordeak: «Erregistroan ematen duten orria norbere datuekin bete eta eska­tu­tako agiriak eraman behar dira: NAN, jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatu) eta errolda agiria (udaletxean eskatu)».

Haurrak euskaraz ins­kribatzeko kanpaina grafia aldaketarekin batera eginen du Euskara Batzordeak, «erlazio zuzen-zuzena» dutela iri­tzita. Kasu honetan ere ez dela deus egin beharrik oroitarazi du: «haurra euskaraz inskribatu nahi duzula erran, bertzerik ez». Gisa berean, gurasoetako batek abizena gaztelaniako grafiarekin baldin badu, haurrari ere horrelaxe paratuko diotela ohartarazi du Euskara Batzordeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun