Bilduren boletina

Maite OTEIZA 2011ko abenduaren 14a

Azaroko berripaper elek­tro­nikoa kaleratu du Bilduk. 2012ko udal au­rrekontuak ditu, ber­tzeak­ ber­tze, hiz­pide, eta asmoa «au­rrekontu parte hartzaileak egitea» dela adierazi du: «alta, aurten ez dugu aurrekontu parte hartzaileak abiarazteko asti eta modurik izan». Halere, herrietako alkateekin eta herritarrekin bilerak egiteko asmoa badutela gaineratu du. Bildutik «oinarrizko hiru puntu» ikusi dituzte: zerbitzu sozialetan bi langile gehiago kontrata­tzea eta horren kostua 36.000 euro ingurukoa litzateke; berdintasun programa hasi nahi da horretarako Lekunberriko Udalak utzi­ duen laguntza aprobe­txa­tuta. Udalarendako 10.000 euro in­gu­ru suposatuko lituzke; eta hirugarrenik, herrieta­ko eskoletako garbitzaileen lan baldin­tzak hobetu nahi dira gizarte segurantza bermatuz eta sol­data %18 igoz. Kostua 15.000 eurokoa litzateke. Udaleko aholkulari juridiko eta urbanistikoak aldatuta, 75.000 euro aurreztu direla jakinarazi du Bil­duk, eta lorezaintza mantenuaren eta zabo­rren bilketaren kontratuak be­rrikusita 100.000 euro.

Azken uberroek ondare publikoan 150.000 euro inguruko kaltea eragin dutela ere badio Bilduk, eta horietatik erdia «premiazko konponketa behar dutenak» omen dira. Gobernuak, premiazko lan horien %70 diruz lagunduko duela erran omen du, eta gainerako guztia Udalak egin beharko omen du. «Gainera, diru hori Udalak aitzineratu beharko du, Gobernuak noiz itzu­liko dion jakin gabe».

Bertzetik, Nafarroako Gobernuak murrizketak iragarri ditu lehendik onartuak zeuden asignazioetan, eta hori dela eta, Bilduren arabera, 54.904,67 euro guttiago jasoko lituzke Udalak.

Dagokion eskaera eginez gero, asteburuetan Arizkunenea erabil­tze­ko aukera egonen dela ere jakinarazi du Bilduk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun