Ikastaroetan hainbat aukera eskaini ditu aurten ere Eguzkilore Elkarteak: yoga, erlaxazioa, yogilates, dantza pilates, autolaguntza eta familia konstelazioak. Horiek guztiak urrian paratu zituzten martxan eta maiatzera bitarte iraunen duten ikastaroetan 80 bat lagunek parte hartzen dute.
Baina ikasturte honek badu berrikuntzarik ere. Elkar(g)uneak sortu dira eta hala, hilabeteko bigarren astelehenetan, gai zehatz bati lotutako jakintzak elkar trukatzen dituzte. Arizkuneneako bigarren solairuan biltzen dira, 19:00etatik 20:30era. Saio hauek edozeinentzako irekiak daude eta dohainik dira.
Azaroan egin zen Elkar(g)uneko lehenbiziko saioa eta garbiketa ekologikoak izan zituzten hizpide. Maddalenek etxean prestatu eta erabiltzen dituen garbitzaileen errezetak bertze hamabortz lagunekin konpartitu zituen. Partehartzaileek bertze saio batean elkartzea erabaki zuten, xaboia egiten ikasteko. Astelehen honetan, abenduak 12, Eli sukaldariak zenbait errezeta eta truku eskaintzekoak zituen jendaurrean. Eta urtarrilaren 9an, puntua egin edo trikotatu nahi dutenak elkartuko dira Anarekin.