Eguberriak hurbiltzearekin batera, Olentzero ere laster izanen dugu bisitan. Eta bisita hori hartzen lehendabizikoak herrietako eskolak izanen dira, abenduaren 22an. Amaiurko eskolan, erraterako, urteroko moduan, Olentzero ttikia herriko karriketan barna ibiliko da txistulariek lagunduta. Eta ondotik, eguerdian, haur, guraso eta maisu-maistrendako bazkaria izanen da herriko elkartean. Arraiozen ere izanen dira ekitaldiak. Ohi bezala, Eguberrien atarian, kanten entseguak eginen dituzte. Hasieran ikasle eta irakasleak bilduko dira eta azken egunetan herriko jendea ere gonbidatuko dute elkarrekin kantatzeko. Olentzero ere eginen dute eskolan eta abenduaren 22an herriari itzulia emanen diote Olentzero bizkarrean dutela. Akordeoi doinuekin lagunduta, herriko kantak eta eskolan entsaiatutakoak kantatuko dituzte. Egun berean, hamaiketako berezia eginen dute, txistor-jatea, eta Guraso Elkarteak antolatuta bazkaria ere eginen dute herriko elkartean. Abenduaren 24an ere etorriko da Olentzero Arraiozera, umeei opariak banatzera. Bertze herrietan ere izanen dira gauza gehiago.