Komunalen defentsan elkarretaratzea deitu du Erdiz Bizirik taldeak abenduaren 24rako

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 14a

Prentsa agerraldian abenduaren 24rako elkarretaratzea deitu zuen Erdiz Bizirik taldeak. Utzitako argazkia

Magnak Zilbetin egin nahi duen harrobia Erdizen egin nahi duenarekin estuki lotua dagoela uste du

“Komunalen defentsan: ez PSISIk ezta desjabetzarik ere; Erdiz Bizirik!”. Lema honekin bat eginez elkarretaratzea deitu du Erdiz Bizirik taldeak abenduaren 24an, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etan Elizondoko Plazan.

“Komunalen defentsan: ez PSISIk ezta desjabetzarik ere; Erdiz Bizirik!”. Lema honekin bat eginez elkarretaratzea deitu du Erdiz Bizirik taldeak abenduaren 24an, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etan Elizondoko Plazan.

Abenduaren 13an egindako prentsaurrean Erdiz Bizirik taldeak agertu zuenez, “Magnak Zilbetiko Antzerin egin nahi duen harrobia Erdizen egin nahi duenarekin estuki lotua dago. Alde batetik, Antzerikoaren memorian, egitasmo hau Erdizen muturra berriz sartu artiokoa bertzerik ez dela izanen diotelako. Bertzetik, Antzeri, Erdizen gisa Aldude Mendi izeneko Zainketa Bereziko Eremuan (ZBE) dagoelako. Hortaz, batean gertatzen denak, bertzean eragina du”.

Erdiz Bizirik taldearen erranetan, azken aldian “aski kontu larria ikusten ari gara”, hala nola tramitazio prozedura, herrilurren desjabetza eta Baztango zenbait alderdiren jarrera.

Honela, Zilbetiko egitasmoa Udalez Gaindiko Plan Sektoriak moduan tramitatzen ari dira, “kontzejuei, udalei, batzar nagusiei erabakitzeko almena kenduz, horrela prozedura Nafarroako Gobernuak zuzenean kontrolatzen du”. Honek, Erdizen ere berdintsu jokatzeko aurrekaria sortzen duela uste du taldeak.

Proiektu hau dela eta aurkeztutako alegazioak oraindik epaitegien ebazpenaren zain badaude ere, “Antzeriko proiektua egiteko eta materiala garraiatzeko Magnak Zilbetin tunela egiteko pausuak eman ditu”. Honela, Kintoko 1.600 metro koadro herri-lur desafektatu nahi ziren, baina “Baztango udalak, Batzar Nagusiaren aginduari jarraiki Kintoko mankomunitatean baimena ematearen aurka bozkatu zuen”.

Tokiko erakunden eskumenak eta herri-lurrak defendatu beharrean UPN, PSN, NABAi eta Ezkerra proiektuaren alde agertu direla ere salatu du Erdiz Bizirik taldeak, “Pribatizazio lotsagarrien aldi honetan, orain komunalak, denen ondasunak kendu eta enpresa pribatu baten eskuetan utzi nahi dituzte, bazeter guztiak xehatzeko!”.

Taldearen datuen arabera, Erdiz 91 nekazarik erabiltzen dute, eta urtero 406 behik, 229 zaldi-behorrek eta 611 ardik alatzen dute bertan.

Gauzak errotik aldatzearen beharra ere azpimarratu du Erdiz Bizirik taldeak: “Urteetan Nafarroko mendialde osoa baztertu dutenek eta Baztango egitura sozioproduktibo guztia, lehen sektorea barne kaskaildu, orain, gure baliabideen eta lur-komunalen ustiaketa intentsiborat eta xehakuntzarat kondenatu nahi gaituzte: hori da beraien alternatiba: mendialde osoa baztertu, gure sektore produktiboak urratu eta gure inguruak suntsituko dituzten meategiak alternatiba bakar gisa inposatu; eta gainera, udalari eta baztandarroi enpleguen ardura bizkar gainera botaz. Hori ez da zuzena ezta arrazoizkoa ere. Ardura beraiena da”.

“Baztanen bizi eta lan nahi dugu, Magnaren xehakuntzarekin ez da posible izanen” adierazi ondotik, abenduaren 24ko elkarretaratzerako deitu du Erdiz Bizirik taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun