Abizenak euskal grafiaz paratu eta haurrak euskaraz inskribatzeko kanpaina eginen du Baztango Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko aza. 29a, 09:16

Hala erabaki zen azaroaren 24ko Euskara Batzordean

Baztango Udaleko Euskara Batzordea laugarren aldiz bildu zen azaroaren 24ean eta ekimen ezberdinen artean, abizenak euskal grafiaz paratzeko eta haurrak euskaraz inskribitzeko kanpaina epe laburrean abiaraziko dutela jakinarazi du Maitane Maritorena euskara zinegotziak.

Baztango Udaleko Euskara Batzordea laugarren aldiz bildu zen azaroaren 24ean eta ekimen ezberdinen artean, abizenak euskal grafiaz paratzeko eta haurrak euskaraz inskribitzeko kanpaina epe laburrean abiaraziko dutela jakinarazi du Maitane Maritorena euskara zinegotziak.

Honela, auniztan erdal grafiaz idazten diren euskal abizenak (Celayeta, Echenique, Irigoyen, Jauregui…) euskal grafiaz paratzeko nahikoa da Erregistro Zibilera joan eta abizena euskal grafiaz paratu nahi dela erratea. Erregistroan ematen duten orria norbere datuekin bete eta eskatzen diren agiriak (Nortasun Agiria, jaiotza ziurtagiria eta errolda agiria) eramatea aski da.

Maitane Maritorenak aipatu digunez, “haurrak euskaraz inskribatzeko kanpaina grafia aldaketarekin baterat egiteko asmoa dugu, erlazio zuzen-zuzena baitute, baina kasu honetan ez da deus egin beharrik, haurra euskaraz inskribatu nahi duzula erran, bertzerik ez”. Hori bai, gurasoetako batek abizena gaztelaniako grafiarekin baldin badu, haurrari ere horrelaxe paratuko diote, beraz, komenigarria da lehendik abizenak euskal grafiara pasatuak izatea.

Bertze gai ugari ere landu zituzten euskara batzordean, hala nola udal langileendako administrazio hizkuntzan trebatzeko ikastaroa egitea edo eskolekin elkarlanean familian euskararen erabilera sustatzeko jarduerak egitea proposatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun